Parisko komunaz eta demokraziaz

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2021ko api. 15a, 15:00

Eider Agirrek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau. 

150 urte pasatu dira jada Parisko komunatik, 150 urte proletalgoak lehen aldiz botere politikoa eskuratu zuenetik. Demokrazia hitza behin eta berriz aipatzen den garai hauetan, ezinbestekotzat ikusi dut bertako irakaspen batzuk mahai gaineratzea. Baina zergatik atzeratu orain dela 150 urteko esperientzia batera? Parisko komunak benetako iraultzarako estatu makinaria guztia dagoen bezala hartu eta hori langile klasearen interesetara azpiratzea nahikoa ez dela mahai gaineratu zigulako. Eta hori, gaur egun, inoiz baino baztertuago dagoela esango nuke "ezker mugimenduan".

1871. urtean, burgesiaren traizio eta porroten ondoren, botere politikoa eskuratzeko hautua egin zuen Parisko proletalgoak. Horrekin batera, bi hilabetez, neurri ezberdinak hartu zituzten langile interesen defentsan: gaueko lanaren abolizioa, langileen kontrolpeko bihurtu zituzten tailer eta fabrika abandonatuak, soldatak arbitrarioki jaisteko burgesiak langileei ezartzen zizkien «isunen» debekua... Baina neurri guzti horiek ezin ditugu bakarrik ulertu, antolatzeko modu baten ondorio gisa baizik. Eta hor dago Parisko komunaren irakaspen handiena: langile klasearen emantzipaziorako forma politikoa nolakoa izan behar den erakusten digu edo, behintzat, gako garrantzitsuak jartzen dizkigu mahai gainean.

Parisko komuna sufragio unibertsal bidez hautatutako udal kontseilariez osatuta zegoen, hiriko auzo ezberdinetan banatuta zeudenak. Kargu publiko guztiak deuseztagarriak ziren eta hautatzaileekiko erantzukizun politiko totala zuten, herri xeheak berak zehazten zuen Komunaren norabide ideologikoa eta norabide horretan egiten zuten lan hautagai guztiek. Hautagaien une oroko ikuskaritza egiten zen, haien funtzioa ongi betetzen zuten jakiteko eta, gainera, haiek delegatu bitartez, zuzenean herriarekin lotura zuten non kontuak eskatzeko aukera zegoen. Nolabait esanda, hautagaien gaineko herriaren kontrola zegoen eta haien funtzioa gaizki betez gero aldatzen ziren. Bestalde, udal funtzionario guztiek langile arrunten soldata berdina zuten. Komunak, beraz, erabakiak hartzeko, lana banatzeko eta banatutako lana berrikusteko antolakuntza forma adierazten digu.

Parisko komunak benetako instituzio demokratikoak sortu zituen, parlamentarismoari aurre egin zion: herritarren parte hartzea ez zen lau urtean behin boto bidez nork zapalduko gaituen erabakitzera mugatzen, inondik inora. Eta oraindik harritzen naiz, estatu burgesaren baitan demokrazia lor daitekeela diotenean. Eta galdera bat etortzen zait burura: aurkako interesak dituzten klaseak dauden gizarte bat izan daiteke guztiz demokratikoa?

Gaur egungo parlamentarismo demokratikoa burgesiarentzat demokratikoa da, baina herritar xehearentzat guztiz errepresiboa. Funtsean gure bizitzaren gaineko kontrolik ez dugulako, 
dirurik ezean inolako aukera berdintasunik ez dugulako, ez  politika "ofizialean" parte hartzeko ere. Demokrazia burgesa diktadura ekonomikoa da. Parisko Komuna ere jarri dezakegu adibide gisa: sufragio unibertsalera mugatzen ez zen eta herritarren parte hartzea inon baino handiagoa zen forma politikoa mahai gaineratu ziguten, demokratikoa zen forma politikoa. Hala ere, langile interesak lehenesten ziren bertan eta proletalgoarentzat demokratikoa zen arren, burgesiaren interesen aurka egiteko diseinatu zen. Horregatik, Parisko proletalgoak botere politikoa eskuratu orduko, burgesiak Versaillesera ihes egin zuen eta bi hilabetera beren tropekin Paris hiria odolez bete zuten. Beraz, demokrazia ezin da modu abstraktu batean ulertu, beti egongo baita klase interesen menpe. 

Eta nik argi dut: demokrazia bai, baina langileon interesak defendatuko dituena eta, Komunak irakatsi zigun bezala, estatu burgesa suntsituz ezinbestean. Vive la Commune!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide