Urte berri on?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2023ko urt. 5a, 10:10

Urola Kostako Hitza egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honakoa:

Azkar pasatu da azken urtea ere, baina oraingoan badirudi beldurrez begiratzen diogula 2023ari. Ez da gutxiagorako, azken urteek pelikula baten antza baitute, eta datorrenaren ezjakintasunak urduritu dizkigu barruak. Denok galdera bera dugu buruan: zer ote datorkigu?

Krisi garaian denok jarri behar omen dugu gure aletxoa, denon ardura omen da gutxiago kontsumitzea, arduratsuak izatea eta krisi hau gainditzea. Baina guztiok estutzen dugu gerrikoa? Noski ezetz. Krisi testuinguruan langileok elikagaiak erosteko ere zailtasunak ditugun arren, enpresarien irabaziak goruntz doaz. Gasolinaren eskasiarekin negar egin dute batzuk eta prezioak ere igo zaizkigu, baina Repsolen irabaziak, adibidez, %66 igo dira azken urtean. Hori da errealitatea: enpresen irabaziak %21,1 hazi dira, gure soldatak baino zazpi aldiz gehiago. Langileon bizitzak estutzen dituzte irabaziak mantentzeko edo handitzeko. Gasolina, hipoteka edota elikagaien prezioak igotzen dira, baina gure soldaten igoerarik ezin aurkitu. Zehazki, 1990 urtetik izoztuta daude soldatak, gure bizitza ikaragarri garestitu den bitartean. Hau langile klasearen bizitzako fronte guztien aurka ofentsiba politiko eta ekonomikoa da. Eta ofentsiba hau gelditzera datorrela dirudi.

Egoera gordin honen aurrean, politikariak ogi apurrak banatzen jarduten dute. Arazoari konponbidea ematetik urrun, partxeak jartzea da haien estrategia. Eta, aizu, egia da ezer gehiagorik ezin dutela egin. Egungo zorpetutako estatuak men egiten baitiete enpresarien irabaziei. Azken batean, gaur egungo alderdi politiko guztiak sistema kapitalistaren kudeaketa batera mugatzen baitira, hau gainditzeko inolako helbururik gabe. Horren adibide dira Espainiako Estatuan egon den gobernu aurrerakoiena hartzen ari den neurriak: gasolinaren prezioarena, BEZa kentzearena, lan erreformarena… Argi dago egoeraren larritasunaren aurrean ez dutela proposamen errealik. Beraz, honen aurrean, ogi apurrak banatzera mugatzen dira. 

Adibidez, oinarrizko elikagaien BEZa kendu digute sei hilabeterako. Horrela esanda, neurri egokia dela esango genuke guztiok, baina errealitatea da neurri horrek hilean 5 euro inguru soilik aurreztea ekarriko digula eta, bitartean, inflazioa goraka doan heinean prezioek ere gora egingo dutela. Zehazki, iaz erosketen otarra %15 garestitu omen zaigu. Laguntzak ere jarri dituzte, egoera okerrenean dauden familientzat. Ez dutena esaten da, ordea, laguntza hori zein familia gutxik lortzen duten tramite burokratiko nazkagarrien ondorioz. Egundoko pauso gisa saltzen dizkigute azken hilabeteotako neurriak, baina oinarrian ogi apurrak besterik ez dira, gure bizitzen gaineko geroz eta kontrol gutxiago dugun bitartean. 

Neurri horiek, ordea, zentzu politiko argi bat dute: gatazka ekiditen saiatzea. Neurri txiki horien bidez herritarrok lasaitzea eta gehiegi ez mugitzea bilatzen da, eta ez gure egoera kaskarra hobetzea. Horregatik beharrezkoa dugu ofentsiba hori borrokatzea eta beren tranpan ez erortzea. Egoera salatu behar dugu eta gure odola ere xurgatzen duen sistema honen aurka antolatu. Eta bai, badago egoera hau guztia salatzen duenik. Horren adibide da urtero-urtero Bilbon eta Iruñean ofentsiba politikoaren aurka egiten diren manifestazioak. Ofentsiba politiko eta ekonomiko honen aurrean, kaleak hartzea ezinbestekoa baita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide