Milaka hildako, milaka errefuxiatu, milaka zauritu, milaka bonba, milaka bala. Inflazioa, espekulazioa, gasolinaren eta elektrizitatearen garestitzea, pobrezia, biziraupena. Hegemonia talka, interes geopolitikoak, interes ekonomikoak, boterea, dirua eta dirua. Mugarik gabe luza daitekeen zerrenda hori badakizue zer den, ezta? Duela urtebete hasi zen Ukrainako gerrak ez du eteteko asmorik. Eta hau da oraindik ere dugun panorama: bi bandoak elkarri mehatxuka, milioika herritarren bizitzak arriskuan jartzen dituzten bitartean.
Gerrak aurpegi ugari ditu, baina badirudi gerra guztietan egin behar dena posizionatzea dela, bloke baten edo bestearen alde. Baina, zergatik? Denok ikusi dugu gerra kapitalista hauetan galtzen irteten garenok betikoak garela. Errusiako edo Ukrainako boteredunak ez daude arriskuan, adibidez, nahiz eta beren herrialdeetan milaka pertsona ari diren hiltzen. Batak zein besteak gerra honetatik lortu nahi duena posizio politiko hobea da, beren posizio geopolitikoa bermatuz bloke ekonomiko handien aberastasuna bermatzeko. Ondorioz, baten edo bestearen alde egitearekin zerbait lortzen al da?
Azken finean, gerra kapitalista guztietan herritar xeheak gara galtzaileak: hiltzen gaituztenak, gure etxeetatik kanporatzen gaituztenak, gure bizitzak ezinezko bihurtzen dituztenak, arma moderno suntsitzaileen ondorioak jasaten ditugunak... Eta ez soilik gerra gauzatzen den herrialdeetako herritarrak, baizik eta mundu guztiko herritar xeheok eramango ditugu gure bizkar gainean gerraren ondorioak. Ikusi besterik ez dago gure errealitatea, krisi ekonomikoaren gordintze batetik hasi, estatu aparatu militarren legitimitatearekin jarrai eta askatasun politikoen murrizketaraino.
Beraz, dirudunek beren hegemonia geopolitikoa eta posizio ekonomikoa ez galtzeko egiten dituzten gerra gisa ulertu behar ditugu. Gerra hauetan herritar xehearen bizitzak bost axola du, etikak inon ez du lekurik. Bitartean, aipatzekoa da enpresa handiak nola aberasten diren gerratik, izan industria pisutsuak, izan enpresa energetikoak. Aipatzekoa da, era berean, bizitzen ari garen informazioaren murrizketa, non RT edo Sputnik bezalako komunikabideak debekatzen diren. Aipatu aipatu, gauza ugari aipa daitezke: alderdi politikoek aho batez onartu dituzten 'aurrekontu militarrak', armen bidalketak eta NATOn eman den berrarmatze ikaragarria, Pablo Gonzalezen urtebeteko espetxealdia, estatuaren autoritarismoa, Ukrainako nazismoaren zuriketa… Aipatu aipatu, gauza ugari aipa daitezke, gerraren atzean badagoelako zer salatu eta zer seinalatu.
Ukrainako banderak bakearen bandera diren garai hauetan, ozen esan behar da horren atzean zer dagoen. Ozen esan behar da Ukrainako gerra Ameriketako Estatu Batuek eta NATOk bideratu dutela, Euromaidan deituriko matxinada ultrakontserbadoretik hasita, beren bloke geopolitikoa indartzeko. Ozen esan behar da 'bakearen bandera' horren atzean Ukraina babesteko bidaltzen diren armak eta misilak daudela. Gerra hau Europako herrialde guztiak ari dira babesten eta sustatzen; beraz, baita gure Euskal Herria ere. Europako Batasuna ari da gerra finantzatzen, eta, beraz, milaka hildako horien zein etxetik bidali direnen ardura ere badu bere bizkarrean. Eta hori badirudi inork ez duela salatzen.
Botere nahiak eta norgehiagokak agintzen duen sistema honen aurpegi gordinena dugu gerra, zakua husten ari denean posizioa ez galtzeko tresna. Horregatik, gerra basati honetan, bando batekin kokatzekotan, honekin kokatzen naiz: mundu osoan gerraren ondorioak zuzenean edo zeharka jasaten ari garen herritar xumeokin.