Inguruko gazte askoren bizitzek badaukate zerbait amankomunean. Gazte langile asko eta asko gabiltza lanean ikasketaren batzuk egin ondoren. Frustratuta, emantzipatzeko gaitasun ekonomikorik ez daukagu, lan munduak harrapatutako espiral batean bizi gara, edota errutinaz nazkatuta eta gure bizitzekin epe luzerako proiekziorik gabe gaude.
Krisiaren seme-alabak gara. Krisia, ordea, modu orokor batean ulertuta; krisi ekonomikoa ez ezik, bizitzako aspektu gehiagotan ere islatzen dena: harremantzeko moduetan, drogen eta biolentziaren presentzian frustrazioa kudeatzeko soluziobide gisa, "guztiok guztion aurkako gerra" antzu baten bizimoduan, askatasun indibidualaren kimera faltsuan... Asko dira krisi ekonomikoa sustrai duten bizitzeko jarrerak.
Nabarmena da gazteok ezinegon batean bizi garela. "Dena eginda" eman zaigula esango dute batzuek, besteek "norberaren esfortzuak fruituak eman ditzakeela"... Eta gaurko zutabea gazte asko eta asko egoera horien aurrean hartzen ari diren jarrera batez jarduteko aprobetxatu nahi dut: aterabide (in)posible batez.
Badirudi modan dagoela 'garapen pertsonalaren ideia'. Teknologiaren sareak harrapatu gaituen garaian, ezagunak egin dira mota guztietako influencer-ak: askotan politikatik aparte ageri badira ere, kutsu politiko nabarmena daukatenak gehienetan. Llados izeneko gustu txarreko pertsonaje bat izan da aitzindaria garapen pertsonalaren ideia zurrunbilo horretan. Hain zuzen ere, tipo horrek ezin hobeto pertsonifikatzen du gaurko gazteen egoera estrukturala: garaiaren ondorio den eta erabat lotuta bizi den gazteriarena. Lladosen esanetan, norbere bizitzari erantzuna aurkitzeko "etengabeko esfortzua" da benetako giltza: berdin dio zubi azpian zein bera bizi den txaletean bizi. "Saiatzen bazara, lortuko duzu". Hori da bizitzan arrakasta lortzeko behar dena.
Ertz gehiago ere baditu kontuak, bai behintzat ertz politikoa. Etengabe sufrimenduaren positibizazioaren eta indibidualtasunaren ideiak azpimarratzen dira: egunero goizeko bostetan esnatzea, gimnasiora joatea eta lanean hamar ordu egitea defendatzen dira, eta hori egiteko prest ez bazaude, zeure errua da pobrea izatea. Bizitzaren garratza probatu duen edonork daki, ordea, asko saiatuagatik, beti ez dela gozorik izaten. Irakaspen horiekin batera, esan gabe doa, pobreekiko edota estereotipo horietatik ateratzen direnekiko dagoen gutxiespena, eta horrek atzean daukan oinarri faxista, gizarte kapitalistari alferrikakoak zaizkion sektoreen bazterketa, hain zuzen. Ez dira kasualitatea mugimendu faxistekin dauzkaten harremanak edo beren speech-etan dauden ideia faxistak. Estafa piramidal horietatik tajada atera nahian dabiltzan parasito guztiak dira langile klasearen, eta zehazki, gazte langileon etsaiak: promesa faltsuak ematen dituztenak gazteek dauzkaten 'bost duroren truke'. Tranpatik atera nahian oraindik eta gehiago katrapilatzen dituzte gazteak.
Horrela esanda, badirudi urruneko zerbait ari naizela azaltzen, hemen, gure herrian, gure inguruan, itxuraz, ez baita faxistarik. Baina askok uste dutenaren kontra, faxismoa ez da soilik VOX, baizik eta aipatutako espresio sozial edo kulturalak ontzat jotzen dituena, besteak beste. Ideia faxisten hedapena errealitate bat da hemen ere: arrazakerian, pobreekiko gorrotoan... forma hartzen dute.
Guri, politikaren inguruan gabiltzanoi, dagokigu errealitatea zein den aztertzea. Izan ere, duin bizitzeko ez baita beharrezkoa goizeko bostetan jaikitzea eta gimnasiora joatea, edota zure kontura bizi den enpresariari ipurdia jatea. Inoiz baino aberastasun handiagoa ekoizteko gai garen garai historiko honetan, duin bizitzeko dauzkagun baliabideak sozializatzea eta guztion onerako erabiltzea da sekretua; noski, horretarako gure ongizatearen etsaia den kapitalismoa garaitu behar.
Gure pobreziaren ardurak gure gainean jarri nahi dituenari honako hitzok eskaini nahiko nizkioke, Ekidaren Bizitza joan, bizitza ihes kantutik ateratakoak:
"Guri beha den fusila, jarri zapaltzaileei begira
Nagusiei, Estatuari, gutaz probesten denari".