Erorien Monumentuaz eta memoriaz

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2024ko abe. 5a, 14:44

Erorien Monumentua, haren aurkako aldarriak aurrean dituela. (Gedar)

Eider Agirrek Guka egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hautsak harrotu ditu Iruñerrian azken asteetan denboran luzatu den auzi politiko batek. Ez da atzoko kontua, hain justu, Erorien Monumentua 1942an eraiki baitzen, frankismoaren gorazarre sinbolo gisa. 80 urte pasa geroago, Nafarroako Parlamentuan, kolore ezberdinetako alderdi politikoek monumentua eraistea baino, hari "beste esanahi bat" ematea adostu dute.

Hain zuzen, erabaki horrek harrotu ditu hautsak frankismoaren kontra eta memoria historikoaren ariketa amaigabean diharduten eragile sozial eta politikoen artean. Erorien Monumentuak estatu kolpea eman zutenen altxamendua oroitzeko eta goratzeko balio izan du gaurdaino; Nafarroan bertan milaka hildako utzi dituen altxamendua, eta Euskal Herria garai ilun eta hilgarri batean sartu zuen altxamendua. 

Erabakia babestu dutenek diote memoria historikoaren zentro berri bat izan behar dela bertan, "demokraziaren eta bakearen balioak" zabaldu ahal izateko, erabakia garaipen historiko gisa salduz. Aldiz, nahikoa zaila egiten zait, niri behintzat, esentzian frankista den eraikin bati bestelako esanahirik ematea. Are gehiago, aritmetika instituzionalaren kiratsa dario erabakiari; eskuina etorriko den beldurrez edo, eskuinaren erabakiak hartzen bukatzen delako maiz. Nago, halako erabakiek, eskuinari bidea itxi beharrean, haizea ematen diotela; eta ez gaude, momenturik onenean faxismoari alfonbra gorriak jartzeko.

Monumentua eraistearen aldeko plataformako kide bati irakurri nizkion hainbat datu: 1970eko hamarkadaren amaieran, frankismoan erail zituzten senideen ekimenez, 2.000 gorpu exhumatu ziren Nafarroan, nahiz eta "demokraziaren" hasierarekin, 1981. urtean, jarduera hori moztu, adiskidetzearen eta elkarbizitzaren izenean. Gerora, borroka amaigabe baten ondorioz, kopuruek gora egin dute, eta oraindik, Espainiako Estatuan hainbat eta hainbat fosa komun aurkitzeko daude. Horrelakoetan, Iñaki Segurola Ogrue etortzen zait burura: hark esaten baitzuen, horren fin, hildakoan ere, klaseek existitzen jarraitzen zutela; batzuk hain zabal, hain lasai, panteoi handietan, eta besteak, berriz, hilobitxoetan; edo kasu honetan, hobi zabal baten pean, beste hamarnaka izenik gabekorekin batera.

Erorien Monumentuan 3.500 nafar erail zituztenen gorpuak daude, horien bortxatzaileak. Bertan ez zen erailketarik gertatu, baizik eta beren-beregi pertsona horien gorazarrerako egindako eraikin bat da. Ez dago ezer ateratzerik hortik, ustela da bere horretan. Hura ez eraisteak, batetik, garaian garaiko indar politikoen esku uzten du zentroari eman dakiokeen esanahi politikoa, baina, batez ere, modu sinboliko batean bada ere, frankismoaren zimenduak zutik daudela iradokitzen du; tristea da, baina bizi dugun ziklo politikoaren metafora gisa har liteke.

Frankismoaren oinordeko den ideologia faxistak geroz eta indar handiagoz entzuten ditugu, eta zapalduon memoria kolektiboa geuk idazten ez badugu, akabo gure iragana, baina bereziki, akabo gure etorkizuna. Ezin hobeto dator Lluis Llach musikari kataluniarrak idatzi eta Gorka Knorrek euskarara ekarri zuen kanta, Francoren garaian askatasunaz galdegiten baitzuten bertso haiek.: "(...) Baina guztiok batera saiatu hura botatzera, usteltzen hasia dago ta, laister eroriko da. Hik bultza gogor hortikan ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola-nola laister eroriko dan". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide