"Sua bihotz ondoan". Hala dio Tapia eta Leturiaren Wafa wafa-k, eder zein pisu historikoz betetakoa den kantak. Erreferentziak ditugu musikan, literaturan, bertsoetan... Herri honetako zenbait belaunaldiri politikaz blai den kultura batean heztea tokatu zaigu, zorionez ala zoritxarrez. Zortea omen zeukaten nonahikoak ziren horiek!
Bada, Nakbaren 77. urteurrenak kanta horixe gogorarazi dit egunotan, eta gehiago jakin nahi izate horretan, hemendik eta handik aritu naiz kantaren esanahiaren bila, nonbait entzuna bainuen emakume palestinar bati buruzkoak zirela musikari eder hauen hitzak, eta bai izan ere! Wafa Idris Palestinar Erresistentziaren militante bat izan zen, hamar kiloko dinamita motxilan sartuta, bere buruaz beste egin zuena Israelen aurkako eraso suizida batean. Harrabotsa sortu zuen gertakari hark 2002an, Israelen segurtasun indarren egoitzetan; izan ere, 26 urte zituen emakume bat horretarako gai izango zenik ezin zezaketen pentsa: "Beste batzuk ere animatuko ditu; gizonek ikusten badute emakumeak horretarako prest daduela, agian gehiago animatuko dira". Horra irakaspena.
Pertsonak akabatzeko modu asko daude, ondotxo daki hori Israelek. Urte eta erdi da gutxi gorabehera Israelek palestinar lurren setioa eta inbasioa enegarren aldiz abiarazi zuenetik. Eta milaka eta milaka palestinar hala urik nola argirik gabe utzi ditu, beren lurraldeetatik ihes egin beharrean eta gosetea jasaten. II. Mundu Gerra lehertu aurretik naziengandik ihesean ibili zen poeta alemaniar batek esan bezala, pertsona bat erailtzeko modu asko daude. Eta dagoeneko ikusi dugu, Israelek nire belaunaldiak ezagutu dituen muga etiko guztiak zeharkatu ditu, Bertolt Brecht bera ere hotz utzi du Israelek erakutsi duen deshumanizazioak. Ez da ulertzen erraza nola gure begien aurrean halako genozidio bat pasatzen ikusi, eta ez garen gai horren aurka ezer egiteko. Gerrak, zerbaitetarako badira, aberatsen interesetan pobreak elkar hiltzeko propio sortutakoak dira. Baina Palestinako lurretan gertatzen ari dena haratago doa, genozidio bat izateraino.
Nakbaren 77. urteurrena izan zen pasa den ostegunean, eta kalean hainbat mobilizazio ikusi ditugu "hondamendia" salatzen eta lurralde hartako genozidioa zein haren konplizeak seinalatzen. Izan ere, ez dago urrutira joan beharrik gertatzen ari denaren erantzuleetako batzuk seinalatzeko, gerra hauek oso 'gureak' baitira. Izan ere, nork finantzatzen du genozidio hau? Nork hornitzen du armaz Israelgo Estatua? Nork diseinatzen du Israelgo Estatuaren defentsa eta segurtasun teknologia? Nork egiten tankeak, droneak edota radar sistemak estatu genozida batentzat? Nork arautzen eta normalizatzen sionismoa gure lurraldean? Inor gutxi uzten du indiferente egoera honek.
Duela 77 urte 700.000 palestinar bota zituzten beren etxeetatik potentzia inperialisten interesei erantzungo zien proiektu territorial bat ezartzeko lur horietan. Gaur egun, inongo eskrupulurik gabe, gauza berbera egiten ari dira: hondamendia eta garbiketa etnikoa palestinar lurretan. Historia bi aldiz errepikatzen da: oraingoan NATO eta Mendebalde inperialista dira Ekialde Hurbilaren kontrola nahi dutenak. Alferrik ari dira –eta badakite– Europa demokratizatzearen kimeraren atzetik dabiltzan ustezko humanistak; genozidio honen atzean, jokoan oligarkia kapitalisten nagusitasuna eta munduaren ordena inperialista berria daude. Geure buruari tranparik ez genioke egin behar. Palestinarentzat bakea etorriko bada, herri horren erresistentziaren eta Israelgo Estatuaren desagerpenaren bidetik izango da.
Wafa Idrisek, emakume gerlari gazteak, bere herriaren aurka ematen ari zen genozidio sionista ikusita, ez zuen bi estatuen arteko elkarrizketan sinesten, ez zuen Mendebaldeko oligarkien iruzurrik erosi. Wafak, etxea apurtua izanagatik, zutik iraun zuen. Kufija lepoan eta sua bihotz ondoan zeramatzala eman zuen bere bizitza.