1. Bateratasuna
Azpeitiko kultur mugimenduaren mugarritzat daukagu Uztarria Kultur Koordinakundearen sorrera; 1998ko martxoan sortu genuen herriko euskara, kultura eta komunikazioko norbanakoek eta taldeek.
Urte erdi bat lehenago hasi ginen prestatze lanetan, eta 1997ko urriaren 18an egin genuen lehen bilera zabala. Bezperan, batzarraren azkeneko ukituak ematen ari ginela, Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusiaren elkarrizketa bat ikusi genuen Euskaldunon Egunkaria-n (hurrengo egunean, “Estatutua hilda dago” esan zuen manifestazioa zuten, Gernikan), eta haren esaldi batzuk azpimarratu genituen, batzarrean aipatzeko: “Ezin gara gelditu instituzioen eskuetan. Hori ez da guretzat dinamikoena. (...) Guk esaten dugu gure indarra herrian dagoela, bai alderdi politikoetan, bai instituzioetan, baina baita beste mailetan ere. Hori dena desblokatu egin behar da, martxan ipini, mobilizatu, ilusionatu eta fase berria zabaldu. (...) Fase berri horretarako pazientzia behar da, formula magikorik ez dago, miraririk ere ez, baina horretarako mugitu egin behar da. Bakoitzak egin beharko du bere autokritika edo bere gogoeta”.
Goazen orduko Azpeitira...
Artxipelago bat zen. Bazeuden kultur taldeak, euskara taldeak ere bai, baina bakoitza irla batean zegoen; batetik bestera pasatzeko ez zegoen ezer.
Basamortu bat bazen Azpeitia. Taldeak bai, gu euskaldunak %87, udalbatza osoki abertzalea, baina euskara, kultura eta komunikazioa arloetan egoera minimoaren azpitik geunden: euskararen normalizaziorako planik ez, euskarazko herri hedabiderik ez, kultur etxerik ez...
Joxe Elorrietarena berriro: “Bakoitzak egin beharko du bere autokritika edo gogoeta”.
Uztarriak, koordinakundearen sorreraren idatzian, hiru egin zituen: administrazioari kritika, arlo horiei lehentasuna ez emateagatik eta baliabideak ez jartzeagatik; herritarrei kritika, nolabaiteko pasibitatea zegoelako; eta euskara eta kultur komunitatearen autokritika egin genuen.
Zer egin? Hartu txalupa, eta batetik bestera joaten hasi, taldeetara joaten hasi.
Azken batean, esan genuen mugimendu hura, Uztarria Kultur Koordinakundea, ez zela inoren kontrako zerbait, baizik eta herriaren aldekoa. Hasieratik egin genituen kritika horiek, baina jarrera positiboa eta eraikitzailea genuen.
Lidia Pujol kantautore katalanak zera esan zuen, 2014an, Kataluniako prozesu subiranistaren garaian: “Desberdin pentsa dezakegu, baina batera pentsatu behar dugu”.
Orain hiru urte Jose Manuel Pagoaga Peixoto euskal iheslaria elkarrizketatzeko aukera izan nuen, Baigorrin, eta hau zioen, Txibertako elkarrizketa garaiaz (1977) ari zela: “Batasunak askoz ere elkartze trinkoagoa eskatzen du. Bateratasuna posibleagoa da, denok gurdiari batera bultza egite hori”.
Gu Azpeitian, gutxienez bateratasunaren bila abiatu ginen.
2. Subjektu politikoa
Uztarria sortzeko prozesuan parte hartzeaz-eta hainbat dokumentu irakurri genuen, eta, batez ere, esaldi bat azpimarratu genuen (publikoki batzuetan aipatu izan dugu, baina tori berriro); Ander Egg argentinar soziologoarena da: "No estar en algo, sino decidir en algo” (“Ez egon zerbaiten, baizik eta zerbaiten erabaki”).
Ikusi izan ditugu prestigio eta ibilbide handiko euskaltzaleak eta kulturzaleak instituzio publikoen aholku batzordeetan. Ulertzekoa izan daiteke hautu hori, bakoitzak dituelako interes partikularrak horietan parte hartzeko: diru laguntzak, ezezkoa ezin eman...
Gu ez goaz erabaki horien kontra. Guk esaten duguna da geuk erabaki nahi genuela Azpeitian aitatutako eremu horietan; ez genuen nahi aholkulari izatea. Prest ginen aholkuak emateko, horretarako kafeak hartzeko, eta makina bat hartu izan ditugu, baina guk subjektu politiko bihurtu nahi genuen.
Beraz, elkartu eta ekin. Bilgune bat sortu, Uztarria koordinakundea, eta errei zentrala hartu genuen; zentralitatea lantzeko. Proiektuak bagenituen, eta modu positibo batekin aritzeko borondatea. Espazioak eraiki eta zabaldu nahi genituen, eta, beste eragileekin edo instituzioekin elkarlanean bazen, hobe.
Udalarekin 2000n hasi ginen hitzarmenak egiten: komunikazioan, gero euskararen normalizazioan… Aurten bertan, Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunearen kudeaketa bere gain dituen Kulturaz kooperatibak udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu du, udalbatzak aho batez onartutakoa. Kolore desberdineko udal gobernuekin egin ditugu itunak.
Kultur mugimenduak ezin du testuinguru politiko eta instituzionalaren arabera jokatu. Eremu sozialenetan guk geuk hartu behar dugu ekimena, espazio zabalak eraiki eta subjektu politiko bihurtuta. Eta instituzioek pentsatu beharko lukete hori beraientzat aberasgarria dela.
Tamalez, oraindik ez daude artikulazio mota eta kontzientzia horiek. Ez da arduradun politiko edo instituzionalen erantzukizuna bakarrik; gurea ere bada.
Guk 1998an kontzientzia hori hartu nahi izan genuen. Uztarria koordinakundea aurkezteko jaialdian nabarmedu genuen ez genuela egon nahi behia trenari bezala begira.
2.1. Antolaketa
Nor izateko bidean, sarea izan behar duzu, egitasmoak… Eta ahal den barne antolaketarik egokiena.
Bilguneak eratu izan ditugu Azpeitian. 1998an, aipatu bezala, Uztarria Kultur Koordinakundea; 2006an, eta orain ja soilik kultur eremuaz ari garela, Kultur Mahaia, eta bertako kideak dira, hasieratik, kultur taldeak, norbanakoak eta udal taldeak. Lan operatiboak egiteko, talde eragilea sortu genuen; hor ere ordezkaritzan, aniztasun bera.
Kultur Mahaiko eta talde eragileko barne araudiak egin genituen; tresna gisa, elkarte juridikoa sortu (deialdietara aurkezteko, diru laguntzak eskatzeko, edo langilea hartzeko); bazkideak (herri ekimenari gorputz sozial handiagoa emateko); barne eta kanpo komunikazioa landu da, gardentasunean oinarrituta (kanpo komunikazioan, esan eta egin aplikatuz, oso garrantzitsua delako sinesgarritasuna; horretarako, pazientzia behar da, presarik ez)...
Azken batean, egitekoa zen, eta da: denon onerako izan daitezkeen proiektuak denon artean pentsatzea, egitea, adostea eta aurrera eramatea.
Aniztasun horrek Kulturaz kooperatibaren bazkidetzan ere badu isla: kultur taldeak, norbanakoak eta kooperatibako langileak daude.
2.2. Orekak
Sanagustinen 10. urteurrena ospatzen ari gara. 10 urte hauetan 1.500 ekitaldi baino gehiago izan dira kulturgunean. Bestetik, hor daude Soreasukoak eta Dinamokoak ere.
Jakina, egin zitezkeen bestelako ekitaldiak, desberdinak. Baina garrantzitsuena da nola antolatu diren horiek, eta programazioan orekari eta aniztasunari eustea ere inportantea da: diziplinak, eragile ezagunak eta berriak, herrikoak eta kanpokoak, astegunak eta aste bukaerak, hartzaileak adin aldetik, generoa… Kontua ez da proportzioa exaktoa izatea, baizik eta logika eta koherentzia bat izatea.
Hizkuntza aldetik ez, hor orekarik ez guk: Sanagustineko ekitaldien %92, euskaraz izan dira.
Beti sortzaileen plaza izan da hau, eta, haien artean, sortzaile berriak sustatu ditugu.
Transmisioa dugu oinarrietako, baita parte hartzea eta elkarlana ere.
Eta, bai, aitortu behar da Sanagustin bezalako azpiegitura bat izan gabe nekez garatu genezakeela proiektu hau. Eta aitortu, era berean, hemengo lantalde profesionalaren konpromisorik gabe ere, nekez.
3. Zertarako
Kultur proiektu bat da hau, baina herri proiektua da.
Herriko (herri bateko) proiektu bat da hau, baina nazio proiektua da.
Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola da nazio jardunaldi honen leloa. Zertarako horri ere garrantzi handia ematen diogu.
Amets Arzallusek esana da Sanagustinen, 2014an, solasaldi ziklo batean: "Fase luze bat itxi da [ETAren jarduera armatuarena], eta beste bat hasi da politikoki, nahiz eta sakon-sakonean doan erreka beti den bide bera: izan nahiaren bidea, herriari forma eman nahia, eta hizkuntzari eutsi eta zabaldu nahia. Hori sakon-sakonean beti egon da; (...) uste dut erreka horiek direla benetan garrantzitsuak”.
Telesforo Monzonek, orain 45 urte, Argia aldizkarian: “Ni ez nabil teoria batentzat herri baten bila. Herri batentzat bide baten bila nabil ni. (...) Oinarritzat herria, eta herria bakarrik hartzen dut”.
Guk proiektu honetan, norabide bat hartu genuen: euskara, euskal kultura, nazio eraikuntza. Herri ekimenetik. Nor izateko.
Ondorioz, kohesio nazionalari eta lurralde kohesioari ere garrantzia eman izan diegu.
3.1. Ekosistema
Eta, puntu honetara iritsita, dei bat egin nahi dut. Euskal Herria markotzat eta naziotzat hartzen dugunok, futboleko azkenaldiko formula bat aipatuz, zera: ez dezagun kulturako Superligarik sor.
Euskal Herrian ere hiriburuetako kultur baliabideak eta ekinbideak besteen aldean asko, nabarmen, izugarri sustatzen dira. Jakina, hiriburuetan ere egon behar dute euskarak eta euskal kulturak, baina beste herrietan ere bai. Oreka bat, hor ere.
Madrilgo erkidegoko hauteskundeak pasatu berri dira, eta Euskal Herria markotzat hartzen duten hedabide batzuetan Madril kasik 8. probintziatzat jotzen dela eta, nahi gabe ere Isabel Diaz Ayuso PPren hautagaiaren esaldi bat entzun nuen kanpainan: “Madrid es España” (“Madril Espainia da”). Baina neure artean nioen gaur egun bestela ez ote den gehiago: “España es Madrid” (“Espainia Madril da”). Izan ere, Madrilen daude botere ekonomikoa, mediatikoa, juridikoa, politikoa…; hau da, fokua Madrilen dago, eta badirudi Espainia Madril dela. Guk Euskal Herrian ez dugu Madril bat, baina hiriburuetako kultur dinamikak eta azpiegiturak izugarri laguntzen dira, fokua haietan jartzen da, eta herrietan ez horrenbeste.
Hemen gaur, kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldi honetan, Azpeitiko jendea ez ezik, Bergarakoa dago, eta Durango, Elgoibar, Hernani, Lesaka, Berriz, Ozaeta, Larrabetzu, Idiazabal, Ordizia, Aloze, Azkoitia, Zumaia, Eibar, Irun, Beasain edota Errenteriakoa... (Bilboko, Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko bizilagunak ere badira; agur bat zuei ere).
Euskal kultur eremuko ekosistema denon artean osatzen dugu. Aberasgarria da hori. Eta, gainera, herriago egiten gaitu.
Guk Azpeitian, gure txikitik, bide hori hartu genuen, eta horretan segitzen dugu.
3.2. Errepublika txikiak
Eduardo Galeanok esana da jende txiki askok, toki txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakeela. Ez dakit horrenbesterakoa den...
Behintzat, kontzientzia hori har dezagun, subjektu politiko bihurtu, eta norabide bati heldu.
Txikiak gara euskaldunok Euskal Herrian bertan. Eta munduan txikia da Euskal Herria. Baina Amets Arzallusek esan zuena berriro: herri honi forma bat eman nahian gabiltza.
Herri honek ere izan dezake batasun formal bat, har dezake egitura juridiko-politiko beregain bat. Guk, herri ekimenetik, behintzat bateratasun sozialari heldu beharko genioke. Berriz ere Amets Arzallusek esandakoagatik: sakon-sakonean doan errekari eusteko, izan nahiaren bideari eusteko.
Noski, euskara eta euskal kultura babesteko, komeni Euskal Errepublika bat izatea. Baina horra bidean, Euskal Errepublika bat egoteko, komeniko litzateke euskal errepublika txikiak egotea: dela eremu jakin batean, dela herri batean, dela auzo batean, dela hiriburu batean, dela eremu bateko alor batean... Hau da, artikulatu, eta errepublika txikiak sortu.
Hitz egiten da elikadura burujabetzaz, energetikoaz, politikoaz... Burujabetza lokala aldarrikatu nahi dut nik. Gu geu gure herrian, auzoan, arloan, burujabe senti gaitezen eta egin dezagun bidea. Kontzientzia hartzea da.
4. Nola
Oportunitateak sortzen dira. Ikusi edo usaindu egin behar, eta baliatu. Guk Sanagustin kulturgunearen oportunitateari heldu genion. Egia esanda, palanka handi bat izan da azpiegitura hau.
Baina nola da asko, egiteko modua. Jardunaldi honetako leloan jasotzen den nola hori.
Duela hiru aste hil zen Mixel Berhokoirigoin gamartarra; laboraria eta bakegilea. Haren esaldi bat irakurriko dizuet, ETAren armagabetzeari buruzko Luhuso liburukoa: “Urratsa elkarrekin egiteko ez da beharrezkoa ados izatea bukaeran edo helburuan. Etapa batzuk egin ahal dira elkarrekin; horrek hurbildu egiten zaitu, eta gero beste etapa batzuk egin ahal dituzu batera. Gardentasuna eta errespetua behar dira. Zu aldatu egiten zara, baina bestea ere bai, eta ez dakizu noraino helduko zaren”.
Transbertsaltasuna eta akordioa zituen maite Berhokoirigoinek, baina, halakorik ezin zenean lortu, ekimena hartu eta aurrera jotzen zuen, gero berriro akordioaren bila aritzeko. Berhokoirigoin bazen nor, haren dinamika edo erakundeak ere bai, eta herri ekimenetik beti aurrera egiten zuen, molde horretan.
Gu ere saiatu gara horretan.
Kultur Mahaian, diskurtsoetan ez gara izan adjektibozaleak. Kultur taldeak hor daude, eta bakoitzak jartzen dio kolore propioa edo azpimarra bere jarduerari. Eta alternatiba edota kontrabotere bezalako terminoak ere ez ditugu erabili izan. Errei zentral bat hartu genuen, eta jostera.
Jon Sarasuak esana du hamarkada eta belaunaldi terminoetan pentsatzen ikasi behar dela.
Uztarria Kultur Koordinakundeak justu 10 urte iraun zuen. 2008an desegin egin zen; izan ere, ikusi zuenean kultur eremuan Kultur Mahaiarekin espazio zabalagoa zegoela, utzi egin zion koordinakunde izateari, eta, geroztik, komunikazio taldea da Uztarria.
Orain Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrena ospatzen ari gara. Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta norbanako batzuek ospakizunerako Herri Batzordea sortu dute.
Horrez gain, Azpeitiko kultur komunitate artikulatua birmoldaketa prozesu batean dago (besteak beste, ikusi da talde eragiletik taldeekin harremana pixka bat galdu egin dela azkeneko pare bat urtean). Helburua da kultur komunitatea gehiago zabaltzea, herria herriago egiteko.
Ez dakigu nola egongo garen 10 urte barru.
Jakatar batek esana da: “Egin, egin behar da”.
Sanagustinen 10. urteurreneko leloak dioen bezala, Beste hamaika bizitzeko_ baikaude.
...
(2021-11-29: 'Kultur artikulazioa', ondorioak)