Pandemia pandemi, kultur komunitatearen lau urrats

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2021ko abu. 5a, 09:36

Oier Guillan kultur aktibistak idatzia da: “Itxaropena ez da existitzen, itxaropena fabrikatu egiten da”. Gurean pandemiaren aroa hasiberritan idatzi zuen hori Guillanek (2020-3-31, Berria). Azpeitian kulturaren fabrikan lau pauso esanguratsu eman dira garaiotan: Kulturaz kooperatibaren ekarpen soziala; Sanagustin kulturguneak 10. urteurrena Herri Batzordea; Udala-Kulturaz lankidetza hitzarmena; eta kultur komunitatearen birmoldaketa.

1) Kulturaz kooperatibaren ekarpen soziala

Azpeitia ere gelditu egin zen iazko martxoaren erdian, COVID-19agatik herritarrok etxean geratzeko agindu instituzionala jasotzean. Beraz, kultur ekitaldirik ere ez batere. Uda baino pixka bat lehenago konfinamendua arintzeari ekin ziotenean, Kulturaz kooperatiba azkar hasi zen emanaldiak antolatzen: ekainaren hastapenean. Ez gara hango eta hemengo dinamikak konparatzen hasiko, baina suerteko azpeitiarrok. Gerora ere ezarri izan dituzte agindu zorrotzak, eta Kulturazek konpromisoari eutsi zion, beti osasun neurriak hartuz (eta kooperatibako langileek, osasun arriskuak hartuz), beti arduratsu, eta beti udalarekin hitz eginez.

Ez zen bakarrik kultur errota berriro martxan jartzea. Funtzio soziala eta humanoa ere bazuen Kulturazen ekarpenak. Jendearentzat bizi poz bat zen etxeko zulotik irteteko aukera izan eta kontzertu bat-edo ikustera joatea. Arnas pittin bat, itomen hartan.

Lantalde profesional ona izateaz gain, biziki estimatzeko moduko lantalde humanoa ere badirela erakutsi zuten Kulturaz kooperatibako kideek. Distantzia sozialaz hitz egiten zen sasoian (karga ideologikoa du termino horrek; ez zuten alferrik asmatu), Kulturazen eta artisten konpromisoari esker (ere), berotasuna eta gertutasuna Azpeitian.

Globalizazioaren, digitalizazioaren eta indibidualismoaren garai hauetan, mundu hobe baterako bertako kooperatiba batek egin dezakeen ekarpen praktiko bat izan zen. Tokikoaren eta kolektiboaren balioak lehentasun orduan ere. Herriarentzat eta herritarrentzat izaten dira herri ekimeneko proiektuak.

2) Sanagustin kulturguneak 10. urteurrena Herri Batzordea

Sanagustinek 2010eko abenduaren 11n ireki zituen ateak lehen aldiz kulturgune bezala. Aurreko urte pila batean trasteleku bat izan zen, eta Kultur Mahaiak eta udalak jakin izan zuten kulturgune bihurtzen. 2011ko uztailaren 22tik, Sanagustinen gaur egungo eredua daukagu: Kultur Mahaiak sortutako kooperatiba Kulturazek kudeatua, egitarau iraunkorrarekin, eta ostalaritzarekin. Sortzaileen plaza bat ez ezik, herritarrena ere bada, eta Azpeitia aberasten lagundu duen egitasmo bat. Sanagustinen 10. urteurrena ospatzeak merezi duela eta, Herri Batzordea sortu zen 2021 hasieran, pandemia betean, eta, hor ere, aniztasuna ikur: Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek (EH Bilduk eta EAJk) eta norbanakoek osatu dute.

Herri Batzordeak maiatzean ekin zioten egitarauari. Aurrez, iragarri zuen bere asmoa ez dela soilik Sanagustinen 10. urtemuga ospatzea eta Azpeitiko kultur komunitatearen ibilbidea aztertzea. Aurrerabiderako ale batzuk ere jarri nahi dira, arrastoren bat utzi, eta horregatik antolatu ditu, esate baterako, bi nazio jardunaldi: kultur artikulazioari buruzkoa bat (maiatzak 28), eta herri ekimena eta kooperatibismoari buruzkoa bestea (urriak 5).

Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola jardunaldian Azpeitiko esperientziaren eta proiektuaren inguruko hitzaldia ematea egokitu zitzaidan (hemen osorik, idatziz). Ardatzak: herri ekimena, bateratasuna, subjektu politikoa, zentralitatea, erabaki, egin, eraiki. Azpeitian 1998tik aurrera, Uztarria Kultur Koordinakundearen sorrerarekin, norabide bati heldu zitzaion, euskara eta euskal kultura bultzatzeko, herri gisa eta herri ekimenetik. Espazioak beti izan dira zabalak, baina beti ere, Amets Arzallusek esan bezala, (euskal) herri honi forma bat emateko, sakon-sakonean doan errekari eusteko, izan nahiaren bideari eusteko.

Lidia Pujol katalan kantautorearen gogoeta bat ere ekarri nuen akordura jardunaldiko hitzaldian: “Desberdin pentsa dezakegu, baina batera pentsatu behar dugu””. Hori da Sanagustinen 10. urteurreneko Herri Batzordea. Hori zen Uztarria koordinakundea (1998-2008); hori Kultur Mahaia, hori Kulturaz kooperatiba; hori, azken batean, Azpeitiko kultur komunitate artikulatua. Herri nahiz nazio gisa, kultura politiko hori gehiago sozializatzea dagokigu. Kontzientzia hartu, eta sakontzea da.

3) Udala-Kulturaz lankidetza hitzarmena

Kultur mugimenduak ezin du testuinguru politikoaren eta instituzionalaren arabera jokatu. Ezinbestekoa du mugimendu autonomoa eta zabala izatea, eta, norabidea garbi finkaturik, erritmoak erritmo, bide koherente bat egitea. Gero, lortu ahal izango ditu instituzioekin ere akordioak. Azpeitian ere erdietsi dira itunak udalarekin.

Inportantea izan zen 2000n Uztarria Kultur Koordinakundeak eta udalak komunikazioaren alorrean egin zuten hitzarmena. Esan daiteke herri mugimenduko proiektu bati udalak nolabait egindako lehen aitortza izan zela. Ondotik etorri ziren, komunikaziokoa berritzeaz gain, Baite Euskara Elkartearekin akordioa (2004) edota Sanagustin kulturgunearen kooperatibarekin kontratua (2011).

Aurtengo otsailean, berriz, lankidetza hitzarmena izenpetu dute Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak (Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea kudeatzen ditu). Hilabeteetako elkarrizketen eta azterketen ondoren etorri da. Instituzio baten eta kooperatiba baten arteko formula juridiko berritzailea da, eta kultur proiektuari, udalaren erabateko aitortza ez ezik (gainera, udalbatzan bi udal taldeek aho batez onartu zuten hitzarmena), egonkortasuna eta bermea ematen dizkio. Dena dela, konfiantza eguneroko lanarekin irabazten da.

4) Kultur komunitatearen birmoldaketa

2006an sortu zen Kultur Mahaia. 2007 bukaeran hartu zuen martxa iraunkorragoa, eta garrantzitsua izan da geroztik egindakoa: proiektuak eta bidea. Arestian aipatu ditugu azpiegiturak; halaber, azpimarratzekoak dira haietako edukiak eta egiteko moduak ere. Mahaiak kultur egutegi orekatua ere egina du (ez da tangiblea, ez da ikusten, edo egunerokotasunean ez zara ohartzen badenik, baina elementala da dinamika kultural eta sozialerako); Azpeitiko kulturaren argazkia azterketa ere taxutu zuen. Baina oro ez da urre, eta, Kultur Mahaiko Talde Eragileak berriki aitortu bezala, taldeekiko harremana moteldu egin da azkeneko hiru bat urteetan.

Hala, Talde Eragileak berak bultzatuta eta gidatuta, jakin izan da kultur komunitate artikulatuaren birmoldaketa prozesu bat egiten, aurten; hemen ere, pandemia pandemi. Bi neurri hartu dira, kultur eta udal taldeekin bilerak egin, bazkideak informatu (350 pasatxo) eta, joan den uztailaren 24an, ezohiko batzarrean onartuta. Batetik, mahaiak 2009tik tresna juridiko gisa sortutako Kulturzale elkartea desegitea, pare bat arrazoirengatik: 1: Jada ez du behar tresna hori; hor dago Kulturaz kooperatiba; eta 2: Kulturzale eta Kulturaz egituren arteko duziplizitateak zeuden, eta hori bukatu beharra zegoen. Bestetik, berriz ere oinarrizkoak diren zenbait arlori ekiteko iniziatiba hartu nahi du: kultur taldeekin harreman iraunkorragoa, norbanako sortzaileak komunitatera bildu, eremua biziberritzeko planteamenduak…

Momentu eder batean dago Azpeitiko kultur mugimendua. Hogeitaka talde daude eta diziplina askotakoak dira, udalak badu konpromisoa kulturarekiko, eta badago artikulazioa. Gehitu Sanagustin, Soreasu eta Dinamoa, Kulturaz kooperatiba, sortzaile norbanakoen emana, herritarren harrera… Funtsezkoa da hori dena, baina dena ez da hori. Horregatik du balioa Kultur Mahaiak egindako birmoldaketa prozesuak, zorua (gehiago) lantzen segitzeko eta ildo batzuei (berriro) ekiteko izango delako.

Irailetik aurrera berrituko da haren batzorde dinamizatzailea. Betiko moduan, kulturarekiko eta herriarekiko engaiamendua daukan orok izango ditu ateak irekita. Era berean, komeni kultur taldeek gehiago jotzea bilgunera eta haren batzordera, hori ere oro har moteldu egin baita azkenaldian.

Horra hor, hortaz, pandemia pandemi, kultur eremuko lau urrats, itxaropenerako. Oier Guilllanek artikuluari Fabrikara jarri zion izenburua.
...
Argazkian, Soma Cult taldea Azpeitian, Sanagustin kulturgunean, 2020ko uztailaren 11n. Itxialdiaren osteko lehenengo kultur emanaldietakoa izan zen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide