Hizkuntzaren ekologia. XXI. mendean, euskara egoera zailean dela ikusita, euskaldunon inertziak eta kontzientziaren lokartzeak ez ezik, globalizazioak, indibidualismoak, teknologia berriek eta, inposaketa historikoan oinarrituta, inguruko hizkuntza dominanteek, hein batean bederen, humanitatearentzako arriskuan jarri dute dibertsitate kulturala, mehatxupean tokiko nortasuna. Hizkuntzak / hiztunak ere egiten du ingurunea, baina kinka batean da euskararen herria identitateari dagokionez. Hizkuntza komunitate guztien zaintza agintzen du hizkuntzaren ekologiak; Euskal Herrian, lehenik eta behin, euskaldunok dugu eginkizun gure hizkuntzaren zaintza. Horren adibide praktiko eta garrantzitsu bat izan zen Soreasu antzokiko urriaren 11ko batzarra: instituzio publiko bat (Azpeitiko Udala), enpresa multinazional bat (Statkraft, Norvegiakoa) eta aretoa ia-ia bete zuten 500en bat herritarren arteko komunikazioa, hein handi handi batean, euskaraz izan zen. 1990eko hamarkadan, Azpeitiko elkarte baten halako urteurreneko liburuaren aurkezpena kasik oso-osorik gazteleraz egin zuten udaletxean, eta liburuaren %90 pasa gazteleraz zegoen. Aurreraka ere bagoaz, elkarte hori ere barne. Eta bistan da: energiari buruz ere hitz egin eta komunikatu daiteke euskaraz.
Kultura politiko zabala. Eusko Jaurlaritzak Sañu aldeko haize erroten asmoa hedabideetara filtratu, oraindik zehazki aztertzeko fasean ez dagoen ekinbide bat izan, balizko proiektuaren kontrako herri plataforma bat sortu, eta, hala ere, udalak azkar samar herri batzar irekia deitu izana, ausardia politikoaren adierazgarri da. Baina, jarrera aldetik, inportanteena da kultura politiko zabala ezartzen joateko pauso esanguratsu bat izan dela. Soreasu aipatu dela, 2006an izan zen Soreasu kultur espazioaren proiektua aurkezteko udalak deitutako bilkura ireki bat, Sindikatu Zaharrean, 40-50 lagunekoa. Ez asko, baina halakoak egin izan dira. Ondo. Urriaren 11koa, ordea, beste dimentsio batekoa da, beste irismen bat du, arrastoa utziko du. Corrugados enpresaren auzian ere egin zuen batzar ireki bat udalak; inguruabar sozialak-eta erosoagoak zitzaizkion orduan. Mugarri izan dira bi batzarrok.
Multinazional horren berezitasuna. Multinazionalak eta oligopolioak norberaren etxean bertan ditugu: telekomunikaziokoak, ikus-entzunezko plataformak, gasarenak, argindarrarenak, arroparenak, elikadurarenak, farmazeutikoak, finantzari lotutakoak… Denak ere, gure bizimoduan, poltsikoan, osasunean eta identitatean eragiten. Statkraft Norvegiako enpresa publikoa, geure artean genukeen beste multinazional bat litzateke. Herri (esan nahi baita, Euskal Herri) gisa, XXI. mendeko erronka latzei aurre egiteko nahikoa tresna gabe gaude. Euskal instituzioen ekimenez eta parte hartzearekin, telekomunikazioan behintzat, Euskaltel sortu zen, baina gaur egun kanpo kapitalaren esku dago; saldu egin dute Euskaltel. Finantza arloan, aurrezki kutxak kendu eta Kutxabank bankua eratu zen; eusten diote jabetzari, baina putre finantzarioak gertu ditu hegan… Askotariko putreak dauzkagu etxean, aurrez Soreasun esplikaziorik eman gabekoak. Horregatik da berritasuna, berezitasun bat duelako, Statkraften eskaintza: ahoz —adibidez, Soreasuko batzarrean— eta idatziz iragarri du tokiko eragileei haize erroten enpresako partizipaziorako aukera emango diela. Multinazional bat guregana arrimatzeak mesfidantza eragiten du, baina Statkraften proposamenaren okasioa, gutxienik, esploratzeko modukoa da; ardura hori dauka Azpeitiko Udalak (ere).
Ingurumena: erantzunak. Statkraften asmoaren aurka herri plataforma bat sortu da: Sañu Bizirik. Esan du ez dela behar eolikorik mendian. Beti da positiboa herritar talde bat ere ingurumenaren alde agertzea. Corrugadosen auzian kezkagarria zatekeen plataforma bat eratzea enpresa berriz irekitzearen alde, jakitun izanik enpresak, enplegua sortzeaz gain, kutsadura, trafikoa, zarata eta beste sorraraziko zituzkeela berriro. Ondorioz, aintzat hartzekoa eta errespetatzekoa da Sañu Bizirik ere. Azpeitian lehen ere egon izan dira azpiegitura handien proiektuen kontrako protesta batzuk; esate baterako, 1980ko hamarkadan, Nuarbeko urtegiaren eta Lapatxeko zabortegiaren kontra, edota orain dela mende laurden bat, Izarraitz magalean udalak saihesbidea egitea planteatu zuenean. Txokatzekoa izan zen Corrugados auzian enpresa irekitzearen aurkako herri plataforma ekologistarik sortu ez izana. Azpeitian ez da talde ekologista bat egon iraunkorki. Ingurumenean estrukturalak dira arazoak; gurean, orain arte erantzunak, koiunturalak, edota momentukoak.
Eredu energetiko berria. Energia alorrean aditu eta aritu izan gabe ere, esan ahal da ikuspegi estrategiko eta jasangarrietan —burujabetza ere ezin ahaztu— elementalena eredu energetiko berria begitandu eta diseinatzea dela, eta, ondorioz, norabide horretan formulak planteatu eta aplikatzea. Soreasuko batzarreko azalpen, galdera eta bestelako hitzartzeetan —eta, oro har, anbiente sozialean—, sumatzen da badagoela oinarrizko adostasun bat: modelo eta kultura energetiko berri baten premia. Funtsean: kontsumoa jaitsi —entitateena eta norbanakoena— eta energia berriztagarriak erabili. Energia berriztagarri mota bat haize errotak dira. Statkraftek badu horretaz asmo bat, Sañu aldeko haizea neurtzen ari da, ikusteko posible den han proiektu baterako eolikoak jartzea —bost jartzea aurreikusten du—. Udalak prestasuna agertu du haren ideia aztertzeko, eta, teorian, ongi iruditzen zaio enpresaren parte hartze eredua, tokiko esku hartze eta kontrol bat leudekeelakoan. Bitartean, udalak aurrera darama beste proiektu berriztagarri bat: panel fotovoltaikoena, bazkide direla herriko 500 entitate eta, batik bat, etxebizitza. Horrez gain, beste udal asko bezala, teilatuetan eguzki plakak ipintzen ari da, herrian argiztatze sistema berria osatzen eta CO2 maila jaisten. Ari da jende eta entitate gehiago urratsak egiten. Zaila izango da iraultza burutzea —norbanakoon kontsumo kultura errotik aldatzea, adibidez—; errealistagoa dirudi eraldaketak.
Prozesua. Aurrerabiderako nola da asko. Haize erroten kasuan, komeni aztertzen segitzea, aukerak edo alternatibak planteatzea, Statkraften borondatea arakatzea, herri botere maila baterako nola eragin pentsatzea… Baina, betiere, zabal, urriaren 11ko batzar irekiaren ildotik, eta demokrazia parte hartzailearen formulak erabiliz, deus baztertzeke. Haize erroten proiektua —proiekturik bada, azkenean—, hurrengo agintaldian ebatziko luke udalak, bai ala ez, eta, prozesu honetan jada mugarri bat ezarrita, herriari energia ematen segitu besterik ez du.