Sexukidearen estimuluen eraginarekin orgasmoak bizitzea desiragarria da askorentzat, baina ez da uste bezain erraza edota arrunta. Sexukideak bere gaitasun erotikoak, errendimendu sexuala, autoestima edota –kasua denean– gizontasuna neurtzeko orgasmoaren bizipena azterketa batean bilakatzen badu, zein lekutan uzten gaitu horrek askotan? 31 urte ditu Leirek, eta bere esperientzia azaldu du honako lerro hauetan:
"Noizbehinkako harreman batean orgasmorik sentitu ez nuelako, baztertu egin ninduen harreman batek. Horren ondoren, bolada txar bat pasatzen ari nintzen, eta Plax-era joan nintzen.
(...)Normalki ez nituen orgasmoak izaten, soilik, bakarka eta masturbazioaren bitartez. Ordura arte, ez zen niretzako tragedia bat izan. Plax-era jo nuenean, egoera modu objektiboan azaldu zidan sexologoak, ikuspegi orokor batetik ulertarazi zidan, jokabideetan eta sexualitatearekiko –zehazki, erotikarekiko– nire jarreran azpimarra jarriz.
(...)Neure burua hobeto ezagutzeko pistak eta baliabideak eskaini zizkidan, neure burua askatzeko, auto-konfidantza indartzeko eta lotsa galtzeko. Ez nuen inoiz mutil harekin orgasmorik izatea lortu, lehen esan dudan bezala. Harreman esporadikoa, motza, izan zen, eta horrela geratu zen kontua.
(...)Dena den, laguntza eskatzeko abiarazlea izan zen. Egia esan, ez zitzaidan ezer txarrik gertatzen. "Orgasmorako ez-gai" bezala etiketatu ninduten edo etiketatu nuen nire burua urte askoan, betirako kentzea erabaki nuen arte.
(...)Gaur egun, ederki nago nire sexualitateaz guztiz gozatzen dudan harreman batean".
Deseroso sentiarazten gaituen etiketaren bat baldin badugu, ezgaitu sentiarazten gaituen zamaren bat, ez dugu horrekin betirako bizi beharrik. Arintzeko moduak hor daude, guk erabakia hartzeko zain.