HARREMANEN INSPEKZIO TEKNIKOA

Seguru sentitzea

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2022ko urt. 22a, 09:00

Segurtasun eza sentitzea.

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak, eskainitako sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratuko ditu Uztarria.eus-ek.

Segurtasun fisikoa bermatuta sentitzen al dut? Erasotua ez izateko konfidantza, hitzez atakatua ez izatekoa, nire bikoteak nire gorputza errespetatuko duenarena? Babesguneak ba al ditut? Etxea edo etxean niretzako den txokoren bat? Gelditzeko gogoa ematen duen lagun talde edo senide talderik? Nire emozio itsusienak ere askatzeko espazio eta giro segururik?

Faltan zaigunean soilik gogoratzen gara segurtasunarekin. Seguru sentitzen garenean, gauza guztiek aurrera doazen sentsazioa izan ohi dugu; sendotasuna, konfidantza edota aurrikuspenak egiteko adorea ekartzen ditu horrek, baita zaintzeko gaitasuna, erregulatzekoa, erabakiei irmo eustekoa... ere.

Horiez gain, ezinbestekoa dugu gure buruarekiko segurtasuna sentitzea. Garai batzuetan, ordea, eskas ibil daiteke hori. Lagunartean gaudenean, besteen parean ez gaudela senti dezakegu, adibidez. Harreman erotikoetan, berriz, ez garela nahikoa trebeak edo erakargarriak ere bai.

Sexu jokabideetan, batzuetan, espektatiba altuek segurtasun ezdun bizipen indartsuak sortzen dituzte, adibidez. Beste batzuetan, gure bikotekidearekin bereziki ez seguru sentitzen gara; baliteke bere jokabideak baldintzatzea bizipen hori –alkohola edaten duenean, hainbat lehentasun ezartzen dituenean gure aurretik, esate baterako–. Bikotekideak, segurtasuna transmititzen saiatzen bada ere, akaso ez du lortzen. Horrelakoa da, esate baterako, jeloskortasuna eta sortzen den sorgin gurpila; zenbat eta gehiago lasaitzen saiatu, orduan eta okerrago izan baitaiteke.

Garrantzitsua da segurtasun uneak identifikatzen joatea, eta gehiegitan errepikatzen direla sumatuz gero, zerbait aldatzeko indarrak batzea. 

Inbaditua eta abandonatua izateko beldurrak gure erraietan daude txertatuta, eta batzuetan, begi-bistan geratzen dira biak. Horrelakoetan, ideia bikaina izan daiteke laguntza eskatzea!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide