Harremanen inspekzio teknikoa

Autoeskolako instruktorea dirudizu

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2022ko eka. 4a, 09:00

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak, eskainitako sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratzen ditu Uztarria.eus-ek.

Ez da fantasia erotiko bat, tamalez, baina ohiko bikotekidea baldin baduzu, ondorengoa zure interesekoa izan daiteke. Zure bikotekideak edo zuk autoeskolako instruktoreak bezala jokatzen duzue elkarrekin autoan zoaztenean? Horrek gatazkak sortzen al dizkizue? Zure burua, zoritxarrez, nahi baino maizago egoera deseroso eta amorragarri horretan aurkitzen baduzu, agian baduzu horren bueltan zereginik.

Gidaria kritikatzea oso ohitura itsusia da. Kopilotua ez zaintzea, ere bai. Nork hasten du elkarrizketa gogaikarria? Normalki kopilotuak egiten duela esango dugu. Izan ere, beldurragatik, argibideak, kexuak eta halakoak botatzen dizkio gidariari, arrazoia izan ala ez. Bestalde, bolantea daramanak, entzuten duena kritikatzat jotzen du, laguntza saiakera bat izan bada ere, eta defendatzeko, atakatu egiten du. Hori guztia ezaguna egiten zaizu?

Hasteko, hipotesi bat botako dugu hemen. Kritikatzen duenak, orokorrean, egoeren kontrol handiagoa behar izaten du bizitzan, baita autoan ere. Eta gidariari kexatzen zaion bitartean, beldurra ez sentitzen saiatzen da, bestearen akatsetan zentratua baitago. Gidariaren jokabidean ez du akats bat bera ere onartuko, eta modu horretara, seguruago sentitzen ahaleginduko da. Kontuan hartua izan nahi du. Bizitzan, orokorrean, kontrol hori malgutzeko beharra lantzen badu, agian bizitzarekiko konfiantza gehiago sentitzera hel daiteke, baita errepidean ere.

Hori da kopilotuaz dugun ustea. Eta gidariari buruz, zer? Edo kopilotua bera gidari denean? Ondokoak esandakoa entzun, eta... "Zer esan nahi duzu? Ez naizela fidatzekoa? Ez naizela konpetentea? Ez zaitudala ondo zaintzen?". Bere burua mehatxatutzat jotzen du, beldurrak aktibatzen dira, eta erraz pizten da haserrealdia. Moztu hortxe eztabaida. Kale itsu bat da!

Autoaren barruan taldekide bezala jokatzea ideia ona da. Zer behar duzu seguru sentitzeko? Nola eska ditzaket gauzak lasai joateko? Gidaria ez kritikatzeko araua ezar dezagun. Elkarren laguntza, konplizitatea, konfiantza, kolaborazioa eta kohesioa lantzeko erronka polita dugu hor. Txalotu dezagun ondo gidatutakoa, eskertu ditzagun emandako argibideak, eskatu dezagun laguntza ispilutik ondo ikusten ez denean, definitu ditzagun bakoitzaren funtzioak errepidean. Kontzientzia jarri behar dugu horretan, goxotik hotzera automatikoki pasatzen baikara azkar batean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide