- Lehendabizi, Euskaraldian parte hartzea erabaki behar duzue. Hala bada, segi aurrera.
- Orain, ariguneak identifikatu behar dituzue. Eta hori nola? Entitatearen funtzionamenduan dauden taldeak identifikatu behar dituzue; taldeko guztiek gutxienez euskaraz ulertzeko gai izan behar dute, hori baita arigunea, euskaraz aritzeko gunea. Adibidez, denda baten bi pertsonak egiten badute lan eta euskaraz elkarrekin komunikatzeko gai badira (eta nahi badute), barne-arigunea osatuko dute; era berean, bezeroei arreta biek eskaintzen badiete, biek kanpo-arigunea ere osatuko dute. Beraz, barne-arigune eta kanpo-arigune bana izango ditu denda horrek. Eta bi pertsona kontatuko ditugu.
- Eman izena. Erraza da. www.euskaraldia.eus gunera sartu behar duzue, eta 'Ariguneak' atalera jo. Klikatu bertan, eta 'Izena eman' atalean, berdin. 'Eman izena' sakatu, eta han eskatzen zaizkizuen datuak idatzi: entitatearen izena, zer motatakoa den, harremanetarako pertsona eta helbide elektronikoa; era berean, intranetera sartzeko erabiltzaile izen bat eta pasahitza asmatzea eskatuko zaizue. Ondoren, egoitzaren izena (Azpeititik kanpo beste egoitzaren bat ere baduzue soilik, bestela entitatearen izena ipini berriz), lurraldea eta herria, helbidea eta harremanetarako pertsonaren datuak idatzi behar dituzue (aurreko berberak, ziurrenik). Amaitzeko, barne-arigune, kanpo-arigune eta parte hartzen duen pertsona kopurua (goiko adibidean, 1, 1 eta 2). Listo! Eman duzue izena!
- Amaitzeko, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioan hartu parte, bakoitzak bere roletik, ahobizi zein belarriprest!
Arazoren bat baduzue, idatzi lasai azpeitia@euskaraldia.eus helbide elektronikora eta lagunduko dizuegu. Badakizue, egin euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan!