Pentsa dezagun aurkikuntza honen inguruan pixka bat lasaiago. Gure herrian bertan, orain dela 14.500 urte gutxi gorabehera, baziren beste gizaki batzuk: gure arbasoak. Beraien bizitza ez zen xamurra eta, hala ere, artearekiko interes handia zutela dirudi. Beraien lanak gure eskuetara iritsi dira, denbora pilo baten ondoren, eta gure gaur egungo ezagutzari esker, nolakoak izan ziren, nola bizi ziren, zer gustatzen zitzaien eta zer sentitzen zuten jakin dezakegu. Haien bizitza ulertuz, geurea ere hobeto uler dezakegu.
Bi mundu, helburu bera
Ba al zenekiten gizaki haientzako zeruan gertatzen ziren fenomenoak beldur-iturri paregabea zirela? Kometek, meteoroek eta bestelako gertakariek zerbait txarra zekartela pentsatzen zuten. Ez baitzekiten. Gaur, ordea, badakigu kometak ez direla inoren mezulari. Eta gure aurrerapenaren erakusgarri, azaroaren 12an aparatu berezi bat jarri genuen kometa baten lurzoruan. Lorpen hori Europako Espazio Agentziari zor diogu. Zaila da hitz gutxitan lorpen horren handitasuna azaltzea. Baina saia gaitezen!
Orain dela hamar urte Rosetta izeneko espazio ontzia bidali zuten gure planetatik kanpora. Bere helburua eguzkiaren inguruan biraka dabilen 'harri' koskor bat harrapatzea zen, haren lurzoruan Philae izeneko modulu bat pausatzeko. Azkenean, helburua orain dela egun gutxi bete zen. Hemendik 500 milioi kilometrotara harrapatu zuen Rosettak bere kometa. Pentsa, argiak 28 minutu behar ditu kometa horretatik gure planetara iristeko. Ikaragarria!
Philae ez dago, tamalez, egon behar lukeen lekuan, lur-hartzea oso konplexua baita kometa batean. Baina badirudi bere helburu zientifikoak betetzea lortu duela. Orain, zientzialariek datu pila bat izango dute aztertzeko. Datu horietan egon liteke gure Eguzki Sistemaren jaiotzari buruzko informazioa. Batzuen arabera, baita Lurrean bizitza nola sortu izan zenari buruzko hainbat aztarna ere. Zientzialari batzuek Panspermia deritzon teoria defendatzen dute. Horren arabera, bizitza ez zen Lurrean sortu, Unibertsoko beste tokiren batean baizik. Kometak, asteroideak eta bestelako astroen bidez bizi-forma batzuk Lurrera iritsi zitezkeen, urteen poderioz gu geu azaltzeraino.
Batzuetan, geure aztarnak jarraitzeko herri ondoko txoko batean miatu behar izaten da. Eta beste batzuetan, hamar urte bidaiatu behar izaten da espazioan zehar kometa bat harrapatzeko. Bi mundu ezberdin dirudite, oso urrun dauden bi prozesu, baina azken batean helburua bera da: gure jakin-mina asetzea eta leku honetara nola demontre iritsi garen asmatzen saiatzea.
Abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.