Gure planetari ez zaio axola aldaketa klimatikoa. Gertatzen dena gertatzen dela ere, gure planetak hor jarraituko du Eguzkiaren inguruan biraka. Arazoa gurea da, ez planetarena. Eta ongi egingo genuke behingoz hortaz ohartzen bagara. Urte gehitxo daramatzagu aldaketa klimatikoaren arazoa ezkutatu ala gutxietsi nahian. Nahiz eta komunitate zientifikoa ados dagoen aspalditik, interes ekonomikoek, epe laburreko pentsamoldeek eta utzikeriak asko atzeratu dute edozein ekintza. Aspalditik dakigu aldaketa klimatikoa jada gertatzen ari dela, baita izango dituen ondorio kezkagarriak zeintzuk izan daitezkeen ere. Frogatuta dago baita ere, aldaketa klimatikoaren eragilea gizakia bera dela.
Testuinguru horretan ospatu zen Parisgo goi-bilera. Bi asteren ondoren munduko herrialde denak akordio batera iritsi ziren: planetaren tenperatura igoera gehienez 2 gradutara mugatzeko konpromisoa hartu dute. Akordioak, noski, beste hainbat eta hainbat zati ditu. Ezingo ditugu hemen denak azaldu, ordea. Ni gehien kezkatzen nauen zatia erregai fosilen erabilerarena da. Dakizuenez, erregai fosilak petroleoa eta ikatza dira batez ere. Horiek erretzean energia lortzen da, baina karbono dioxidoa igortzen da atmosferara. Gas horrek planetaren beroketan parte hartzen du, Eguzkitik datorren beroa Lurrean preso harrapatuz: negutegi efektua. Bada Parisgo akordioan ezin izan zuten mugarik jarri erregai horien erabileran. Zaila dirudi puntu hori behar bezala erregulatu gabe aipaturiko helburuak betetzea...
Guk zer egin dezakegu?
Akordioak akordio, kontutan izan behar dugu aldaketa klimatikoaren erantzuleak gu garela. Jada 7 mila milioi pertsona bizi gara planetan. Gure eguneroko energia-beharrek sortzen dute egoera hau. Ez da komeni politikarien eta enpresari handien itzalpean ezkutuatzea norberaren erantzunkizuna ekiditeko. Egia da, norbanako bezala, ezin dugula erregai fosilen erabilera murrizten duen lege bat ezarri. Baina egia da baita ere, norbanako bezala erabaki dezakegula erregai fosilak ahalik eta gutxien erabiltzea.
Azpeitiarrok badugu kotxe-zale izatearen ospea. Herrian zehar desplazatzeko gehiegitan heltzen diogu kotxeari. Eta hori gure herria txikia eta laua izanik! Garraioa da karbono dioxidoaren sortzaile nagusietako bat, oraindik ere ibilgailu gehienek erregai fosilak daramiltzatelako. Beraz, herrian egiten ditugun desplazamentuetan bizikleta erabiltzeak ala oinez ibiltzeak badu bere erasana. Garraio publikoa erabiltzea ere oso onuragarria da klima aldaketa murrizteko.
Askotan iraultza handiak lortzeko norberak pausu txiki asko eman behar izaten ditu. Ohiturak aldatu, bizimodu bera beste era batera antolatuz. Gizarteak eraldatu behar izaten du agintariak alda daitezen. Horregatik, bide berdinetik jarraitzeak etorkizun ilun batera garamatzala jakinda, has gaitezen pausuak ematen. Asko dugu jokoan. Guk, ez planetak.
Abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.