Espazioan surfeatzen

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Azkune 2016ko api. 1a, 15:43

Hilabete honetarako artikulua idazterakoan ez nuen zalantza handiegirik izan. Otsailak 11n, LIGO izeneko esperimentu bat gidatzen zuten zientzialariek berebiziko garrantzia duen aurkikuntza jakinarazi zuten: uhin grabitazionalak hauteman zituzten lehendabiziko aldiz. Aurkikuntzaren garrantzia ulertzeko, hitz batzuetako bidaiatxoa egitea komeni zaigu. 

Orain dela 100 urte inguru, 1915ean hain zuzen ere, Albert Einsteinek erlatibitate orokorraren teoria argitaratu zuen. Teoria hark grabitatea askoz hobeto ulertzeko balio izan zuen. Beste gauza batzuen artean, Einsteinek uhin grabitazionalak aurreikusi zituen. Papera, arkatza eta bere buruaren indarrarekin, gizon hark orain dela 100 urte aurresandako naturaren fenomeno hura, gaur egun arte ezin izan dugu "ikusi". Eta ez da izan saiatu ez garelako. Ez. Oso zaila baita uhin grabitazionalak hautematea.

Ur potzu batean harritxo bat botatzen dugunean, ura gora eta behera mugitzen hasten da mugimendu sinkronizatu batean. Denok ikusi ditugu uhinak uretan, beraz badakigu zertaz ari garen hizketan. Uhin horiek itsasoan ikusten ditugun olatuak dira, ilargiaren eta eguzkiaren erakarpen grabitatorioaren eraginez. Uhinak, ordea, ez dira uretan bakarrik agertzen. Argia bera uhin bat da: eremu elektromagnetikoan hedatzen den uhina. Eta soinua airean hedatzen den uhin bat da. Beraz, uhinez inguratuta bizi gara.

Zientziak gauza harrigarri asko dakartza. Urak bibratzea edo aireak bibratzea, nahiko erraz ikus daitekeen gauza bat da. Eremu elektromagnetikoak bibratzea eta argia sortzea, jada zailagoa da ulertzeko, ezta? Bada Einsteinek esan zigun espazioak eta denborak ere bibratzen dutela, uhin grabitazionalak sortuz! Zer esan nahi du horrek? Bi punturen arteko distantzia aldakorra dela uhin grabitazional bat pasatzen denean. Azkoititik Azpeitira dagoen distantzia ez da beti bera; ez bien artean dagoen lur-zorua uzkurtzen delako, espazioa bera uzkurtu eta luzatzen delako baizik. Baina distantzia aldaketa horiek hain dira txikiak, hain xumeak, hautematea oso-oso zaila dela. Eta hori da LIGO esperimentuarekin lortu dutena.

Ate berriak irekitzen

Orain arte Unibertsoa aztertzeko argia erabili dugu. Teleskopio itzelak eraiki ditugu, baita Lurretik kanpora bidali ere Unibertsoa ahalik eta zehaztasun handienez behatu ahal izateko. Hala ere, argiarekin ezin dugu Unibertsoaren historia osoa behatu. Unibertsoaren haseran, materia eta energia hain zeuden pilatuta, argia ezin izan zela hedatu. 380 mila urte inguru pasatu behar izan ziren argia libre izateko, guganaino iritsi arte. Uhin grabitazionalei esker, ordea, gure historiaren lehen uneetaraino joateko aukera izan dezakegu, Unibertsoaren jaiotza bera ikustera hel gintezke. Bizi garen ingurune harrigarri hau behatzeko modu berri bat aurkitu berri dugu eta oso zaila da orain aurresatea honek guztiak izan ditzakeen onurak. Baina ziur izan onurak, direnak direla ere, iritsiko direla.

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide