"Plazako zakarrontzi horiak gainezka egiten jarraitzen du"

Plazako zaborrontzi horiaren irudi bat.

Herritar batek Uztarria.eus-era bidalitako kexa da honakoa, eta, gainera, ez da gauza beragatik kexatzen den lehen aldia. Plazako zaborrontzi horia sarritan gainezka egoten dela dio, eta ondorioz, plastikoak lurrera erortzen direla eta jendeak beste zakarrontziak erabiltzen dituela horira bota beharrekoak botatzeko.

Uztarria.eus-en erabiltzaile batek kexa bat bidali du erredakziora. Hark salatu duenez, "plazako zakarrontzi horiak berdin jarraitzen du: gainezka egiten". Ondorioz, plastikoak lurrera erortzen direla dio, eta jendeak beste zakarrontziak erabiltzen dituela edukiontzi horira bota beharrekoak botatzeko.

Ez da herritar hau plazako zaborrontzi horiaren egoeraz kexatzen den lehen aldia. "Duela bizpahiru urte, arrazoi beragatik udalari kexa erakutsiz, antzerako mezua bidali nuen Uztarria.eus-era. Baina badirudi udalak entzungor egin duela eta berdin-berdin zaiola plaza haizeak harrotutako plastikoz josita ikustea. Gero beraien hitzaldiak Agenda 2030ko helburuz, jasangarritasunaz, ekonomia zirkularraz eta antzeko hitzez beteko dituzte..."

Dena dela, kexa plazaratu ez ezik, irtenbidea ere proposatu du herritar honek. "Plazan orain dagoen zakarrontzia estua da, eta plastikoak ontzian behera jaitsi beharrean, albora jotzen dute eta katigatuta gelditzen dira goialdean. Beraz, beteta dirudien zakarrontzia ia hutsik egoten da. Irtenbidea erraza, sinplea eta merkea da: zakarrontzi hori zabalagoa jartzea, Olazko Amaren plazan dagoena bezalakoa".

Uste du, herrian plastiko gehien erabiltzen den guneetakoa izanik, merezi duela horrelako bat jartzeak. "Beste kontu bat izango da erabiltzaileok zuzen eta txukun botako al ditugun zaborrak ontzira... Baina aukera, gutxienez, eman egin beharko zaio herritarrari, ezta? Gainezka dagoen zakarrontziak ez du aukerarik ematen", jarraitu du haserre. "Horren zaila al da zakarrontzi zabala jartzea? Hiru urte eta oraindik ezer egin gabe? Hauteskundeak gertu diren honetan, agian, orain bai, kaso egingo diote eskaera xume bezain adierazgarri honi".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide