Euskaraz irakurtzea

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2020ko ira. 14a, 08:47

Hiromi Yoshidak 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lagun bat daukat, jaio zenetik beti euskaraz bizi den euskal hiztun natibo petoa dena eta batuaz idazten eta irakurtzen ere ederki dakiena. Hark dio: "Nik euskaraz baino erdaraz askoz gehiago eta azkarrago irakurtzen dut".

Bada, ekainaren 30eko Berrian Xabier Payak idatzi zuen bezala, kultur, gizarte eta politika arloko irakurgai gehienak ez daude euskaraz. Hori dela eta, gai gutxi batzuk kenduta, askotan euskaldun guztiok hain ondo dakizuen hizkuntza prestigiotsuaz idatzitakoetara jo beharra dago. Ondorioz, erdaraz eduki ugari irakurtzeaz batera, konturatu gabe erdara bera ere asko lantzen duzue, eta, ondorioz, irakurtzeko behintzat gero eta erosoago, errazago bihurtzen zaizue erdara.

Horrela, nahiz eta euskaraz irakurtzen jakin, euskaraz irakurtzeko egokiera gutxiago daukatenez, nahi eta ez nahi, euskaraz baino erdaraz irakurtzen trebeago bihurtzen dira batzuk (edo asko). Eta itzuliko gara Bernat Etxepareren garaira, berak zera baitzioen: euskara hizkuntza preziatua izateko, ahozko hizkuntza soilik izatea ez dela nahikoa, baizik eta idazteko (beraz, irakurtzeko) ere balio behar duela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide