Han eta hemen

Maskara, musukoa...

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2020ko abe. 12a, 08:49

Hiromi Yoshidak 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

COVID-19 gaitza hedatzen hasi zenetik, jende guztia maskara jarrita dabil Tokion. Japonian ez digute isunik jartzen musukorik gabe ibilita ere, baina jendeak beti jartzen du maskarilla. Honaino hiru hitz erabili ditut gauza bera aipatzeko: maskara, musukoa eta maskarilla. Lehen maskarilla esaten nuen, nire lagun euskaldunek horrela esaten zutelako. Maskara eta musukoa esaten, berriz, COVID-19a iritsi ondoren ikasi dut. Musuko hitza azpeitiar batek aipatu zidan lehenengoz; hark irratiko esatari bati entzun zion. Maskara esaten, berriz, Euskaltzaindiaren Koronabirusaren oinarrizko lexikoan ikusita ikasi dut (Elhuyar hitztegian, aldiz, biak datoz). Bost hiztegitan begiratu dut, eta denetan jartzen du musukoa animaliei muturra estaltzekoa dela. Beraz, musukoa animalientzako bada, gizakienari maskara deituta bi gauza bereiz daitezke. Baina bi gauza horiek izen berarekin deituta ere ez da hain nahasgarria izango.

Horretaz gogoetan ari nintzela, lagun batek idatzi zidan: "Ba nik animalienari muturrekoa deituko nioke, eta guk erabiltzen dugunari musukoa". Horra hor, beste soluzio bat!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide