Han eta hemen

Zorion agurrak

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2021ko urt. 23a, 08:54

Hiromi Yoshidak 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hizkuntzak etengabe ari dira aldatzen urteak joan eta urteak etorri. Euskarazko agur batzuk ere ez dira salbuespenak. Duela 35 bat urte, Tokion, gure irakasle Suzuko Tamurak irakatsi zigun Gabonetako mezuan "eguberri on" eta "urte berri on" jartzen. Suzukok berak Euskal Herrian ikasi zituen bi esapide horiek. Geroztik, beti erabili izan ditut esamolde horiek arazorik gabe. Hala ere, azken urte hauetan, Gabonetako mezu askotan ikusten da "zorionak". Gabonetako argietan, bai, horietan aspalditik jartzen dute "zorionak".

Halako batean, lagun azpeitiar batek honako hau esan zidan: "Niretzat ez da batere jatorra Gabonetako agur moduan 'zorionak' esatea. Eta zergatik pluralean beti?". Beraz, nire lagun euskaldun peto-petoari belarrietako mina ematen dio zorionak hitzaren erabilerak. Eta beste batean kontatu zidan, lehen urtebetetzea ospatzeko "zorionak" esan beharrean, "urte askoan" edo "urte askotarako" esaten zela. Ospakizun bakoitzerako agur aproposa baliatzen zen orduan, baina orain kasu gehienetan "zorionak" esaten dela dirudi. Bestalde, beste zorion agur bat, –"bejondeizula!"– mantentzen dela dirudi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide