Han eta hemen

Etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2024ko uzt. 18a, 09:23

(Argazkia: Pixabay)

Hiromi Yoshidak 2024ko ekaineko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

>Martxoaren 19an, Bilbotik Amsterdamerako hegaldian. Nire aurrean lau lagun jarri dira: ama, aita eta bi semetxo (bata 5-6 urtekoa eta bestea 6-7 urtekoa, nire ustez). Amak ez daki euskaraz eta denekin gaztelaniaz ari da. Aita, berriz, oso hiztuna, etengabe euskaraz ari zaie semeei. Semeak, aldiz, beti gaztelaniaz ari zaizkio aitari. Dudarik gabe, euskaraz baino gaztelaniaz aritzeko erraztasun askoz handiagoa dute.

Jarraituko nuke oraindik oso gazte diren bi horien ibilbidea etorkizunean benetako euskaldun egingo diren ikusteko. Amak ez dakienez euskaraz, etxean familiako kide guztiak elkartzen direnean (otorduetan edo), erdaraz egin beharko dute. Eskolari dagokionez, aitaren jarrera ikusita, D ereduko eskolan dabiltzala pentsa dezaket. Beraz, haiek etxean erdara dute nagusi, eta eskolan euskara. Eta Internet munduan ere erdara da nagusi. Beste faktore bat da haien bizitokian zein hizkuntza den nagusi. Gakoa hor dagoela ikusten dut. Auzo euskaldunean bizi badira, eskolatik kanpo (oporretan edo) ere euskaraz blai eginda bizi daitezke. Horrek pisu handia du gero euskaldun izango diren ala ez erabakitzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide