Abuztuko gau sargori batean, Tokioko taberna batean, lau euskaldunekin egin genuen topo. Tokion egonda euskaldunekin euskaraz aritzeko aukera izateak poz handia ematen dit beti. Lau haiek eta bi japoniarrok euskaraz hizketan oso gustura aritu ginen. Laurak gipuzkoarrak, ikastolan ibiliak, eta adierazi ziguten zenbat maite zuten euskara, eta bihotzez espero zutela euskarak galdu gabe betirako jarrai zezala; dena euskaraz noski, nahiz eta beraien artean ehuneko ehun erdaraz mintzatu. Euskaraz jakin arren, beti erdaraz arituz euskarak bizirautea nahi dute, beraiek lortu nahi dutena besteen esku utziz, beraiek ere hori egiteko kapaz izan arren. Horrez gain, ez dira sekula konturatzen jarrera horrekin euskara galbidera bidaltzen ari direla laguntzen.
Hizkuntza, baina, azken finean komunikaziorako tresna da, eta tresna bat aukeratzeko norberari erabiltzeko erosoena egiten zaiona hautatzea da normala. Lau haiei ere halaxe gertatzen zaie ziur aski. Baina Unescok "kaltebera" kategorian sailkatzen duen euskararen kasuan aurre egin beharko zaio arazo horri nolabait. Oso nekeza bada ere.