Hizkuntzaren etorkizuna nolakoa izaten da? Lehen aukera: dagoen bezala bizirautea. Bigarrena: galtzea. Hirugarrena: itxuraldatuta bizirautea. Lehenengoa ezinezkoa da, hizkuntza guztiak etengabe ari direlako aldatzen. Bigarrena gerta daiteke, batez ere hizkuntza minoritarioek beti daukatelako arrisku hori. Euskarak ere oraindik badu galtzeko arriskua, baina hiztunen kopurua denbora gutxian izugarri handitu denez, ez da erraz galduko. Hirugarrena, aldiz, hizkuntza guztiek espero duten etorkizuna da. Euskara ere itxuraldatzen ari da, ez dakit uste izan dena baino azkarrago edo polikiago, baina esan genezake, adibidez, ergatiboa gal daitekeela noizbait, "euria hasi du" esan beharrean, "euria hasi da" esatea nagusituko dela eta abar. "Euria hasi da" esateak belarriko mina eta pena ematen badizkigu ere, etorkizunean euskal hiztun gehienek horrela esatea normaltzat jotzen hasten garenean, hori "gramatikalki zuzena" bihurtuko da. Horrela itxuraldatuz biziraungo du euskarak.
Eta ironia ematen badu ere, euskara galtzen denean, orduantxe geratuko da dagoen bezala betirako. Hizkuntzak aldatu egiten dira, bizirik dauden bitartean.