Uztailean aipatu nuen Japoniako leku askotan zenbait herritarrek bere herriko hizkeragatik konplexua daukala. Hori zergatik da horrela? Gobernua japoniera batua Japoniako bazter guztietara helarazteko jo eta ke ari zen garaian, dialektoan mintzatzea gaizki ikusten hasi ziren.
Gainera, japoniera batua Tokioko (kapitala, hiri modernoa, ederra!) hizkeran oinarritutakoa zenez, dikotomia sortu zen: batua hiriko hizkuntza sofistikatua dela, eta herri hizkerak, berriz, baldarrak, zakarrak direla. Herri hizkeran edo herriko azentuarekin batuan mintzatzen zirenei barre egiten zieten askotan, eta horrek ere sortu zuen konplexua zenbait herritako hiztunen artean. Ondorioz, guraso askok erabaki zuten beren umeei herri hizkerak ez eskaintzea.
Dialekto asko galtzen ari dira edo galdu egin dira, transmisioa eten egin delako. Euskal Herrian, aldiz, euskalkiak ondo errespetatzen dituzuela iruditzen zait. Euskalkiak aldatzen ari dira, batuaren eraginez eta beste arrazoi batzuk tarteko, baina konplexuak bultzatuta euskalkiak alde batera uztea ez da ohikoa. Niri behintzat hala iruditzen zait. Herri hizkerari lotutako bi joera oso desberdin, beraz, Japoniakoa eta Euskal Herrikoa.