Han eta hemen

Ergatiboa

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2026ko urtarrilaren 26a

(Irudia: Inhar Serrano Garrido / ZuZeu)

Hiromi Yoshidak abenduko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako.

Aspalditik esaten da euskarak laster ergatiboaren sistema galduko duela. Lehengo martxoan Bizkaiko eta Gipuzkoako D ereduko lau eskolatan Batxilergoko ikasleei galdeketa egin nien –eskerrik asko, parte hartu zenuten guztioi!–. Egin nien galderetako bat honako hau izan zen: nola esaten duzu euskaraz "Eneko dice que Ane no vendrá?''". Guztira, 288 erantzun jaso nituen, eta esaldia gaizki esan zutenak 112 izan ziren (%39). Esaldi okerretako batzuk honako hauek ziren: "Eneko esan du Ane ez dela etorriko". "Enekok esan du Anek ez dela etorriko". "Eneko esan du Anek ez dela etorriko". Beraz, arazoa ez da ergatiboarena bakarrik; izan ere, esaldian subjektua nola jarri behar den ere ez dakite ondo. 

Beste galdera baten emaitzak dio subjektua behar den bezala jartzen ez dakitenak ez direla bizi euskaraz, eta D eredukoak izan arren, ikasgelan bertan ere erdaraz aritzen direnak ez direla gutxi –zenbait irakaslek ere eskolan erdaraz egiten dutela dioten testigantzak ere badaude–. Dena den, guri, linguistoi, interesatzen zaiguna ez da esaldiak ondo esaten badakiten edo ez jakitea; jakin nahi duguna da zergatik sortu den fenomeno hori eta argitu nahi duguna da horren zergatia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide