Iritzia

Txokolate perimetrala

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2021ko mar. 1a, 08:40

Imanol Amianok 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Bakoitzak bere harrikada dauka, eta nahikoa lan izaten dugu geurearekin. Eta harrikadek pitzadurak sor ditzakete, arrakalak. Norberaren askatasunaz eta sistemaren aurkako errebeldiaz mozorroturik, asaldura Izarraizko Ateko zirrikitutik sartu, eta, Jesusmariatako biribilgunean jira eta bira, herrian zabaldu zaigu Sanjuandegi azpiko pasabidetik barrena. "EITB". "Politikoak". "Medikuak". "Beldurra". "Zientzia kritikoa". "Nire gorputzean nik agintzen dut". "Pandemia, gezurra". Txokolate perimetral ederra, bai horixe.

Askatasunaren aurkako eraso onartezina omen maskararen derrigortasuna. Orduan, utikan maskarak! Beno, edo gardenak jantziko ditugu; horrela, behintzat, poltsikoa ez digute ukituko, porno-maskara horiek beste ezertarako balio ez dutela jakin arren; izan ere, hamar bizardunetik hamaikak egiaztatu ahal izan duenez, aurpegiko ileek erraz zeharkatzen dituzte maskara horien 0,25 milimetro zabaleko sare-zuloak; beraz, arnas-partikulak –tantatxoak zein aerosolak– zulo horiek baino hamar eta ehun aldiz txikiagoak direnez, inongo oztoporik gabe jaurtitzen ditugu. Berdin-berdin kutsa gaitezkeela, alegia. Eta ez askatasunaz birikak puztuta, bihotza piztuta, baizik eta pneumoniak isilduta, miokardioak gainkargatuta. "Bai zera! Pandemia ez da existitzen eta!". 4.000 hildako baino gehiago ditugu dagoeneko Euskal Herrian bakarrik, tartean auzoko Inaxio; zientoka zainketa berezietan intubatuta, goiko Arantxa horien artean. Are eta gertuagokoa behar du izan, antza, ospitaleratuak libertate erasotua une batez albo batera uzteko, negazionismoa birplanteatzeko.

Zientzia kritikoa aldarri. Nik neuk abizenik gabekoa nahiago dut, zientzia kritiko horrek infusotik, difusotik gehiago duela iruditzen baitzait: goi-isurizkoa, sortzetikoa, berezkoa. Inozentzia abiapuntu, indezentzia ondorio. Indezentea baita norberekeria, talde immunitatea dagoenean jokoan. "Ez dut auskalo zer zerrikeria daraman txertorik jarriko", esan zuen Riccardo Ricco txirrindulari ohiak. Bere garaian famatua egin zen italiarra, dopina dela-eta bizi guztirako zigortu zutelako. "Tokatzen zaidanean txertoa hartuko dut", esan du, aldiz, El Drogasek. Txiolari batek gauza okerragoak sartuak direla bota zion, eta "bai motel" erantzun hark; beste batek, ordea, beretik erre eta berarekin edandako Drogas hark nola dezakeen, orain, bere burua (Espainiako) Gobernuari horrela saldu; erretako eta edandako hark guztiak "ez digu berdin eragin", erantzun zion Villarrealek.

Gogoangarriak dira, bai, horrelako belarrondoko birtualak, baina nekagarria hainbeste trollen trolak erantzuten ibiltzea. Izan ere, Brandoliniren legeak –mordoiloen asimetria bezala ere ezaguna den Interneteko zuhur hitzak– dioen moduan, astakeriak eta mordoiloak ezeztatzeko behar den energia kopurua gezur horiek sortzeko behar dena baino askoz handiagoa da. Dagoeneko ez dut horretan gehiago jardungo, ez baitaukat ez astirik, ez lekurik, ez gogorik. Zer esango dizuet ba... emazkidazue Ricco gutxiago eta Drogas gehiago; Ugo Mayor eta Felix Zubia gehiago, eta Iker Jimenez edota Joxemari Sarasola gutxiago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide