Denboraldi xelebrea amaitzear dagoena. Pandemiak erabat baldintzatutakoa. Hala moduz entrenatu dugu, eta, azken txanpara iristearekin, beste hainbat kiroletan bezala, saskibaloian ere partidak jokatzeko argi berdea piztu zaigu. Ez pentsa, 14-15 urteko gure neska-mutilak beste herri batzuetakoekin kontaktu zuzenean jartzeak –igurtzi, bultzada, oihu eta arnasa– nahiko buruhauste eta zalantza sortzen zizkidan. Azkenean, neure buruari behar bezalako neurriak hartuta ezer ez zela gertatuko sinetsarazita, alabari ez genion oztoporik ipini neurketak jokatzeko eta, bestalde, gure kadete mutilei irakasteko entrenatzaile titularra badutenez –iepa, Joxe! –, neuk hartu nuen taldeko COVID-arduradun eginkizuna.
Zeregin berri horrek aurkariekin ohi baino harreman gehiago izatera bultzatu nau, eta, hala, nituen aurreiritziak baieztatzeko, eta, ezustean, ezeztatzeko ere balio izan dit, hizkuntzari dagokion atalean, behinik behin. Aurreko urte batean Intxaurrondoko Interrekoekin gertatu zitzaidan bezala –beharbada, Galindoren eta bere kuartelaren itzalak desitxuratutako hango errealitatearen ezjakin–, asko poztu nintzen Antiguako Luberrikoen jardunarekin, termometroa kopetan ipintzen nien bitartean, eta gustuz entzun abizen maketodun entrenatzailearen euskarazko aginduak. Segi horrela, Alvaro.
Hurrengoan, berriz, kapitaletik hauek ere, eliteko mutilak –eta ez naiz soilik kirol arloko kalitateaz ari– izan genituen bisitan; zortzi euskal abizen ez dakit, federazioaren protokoloak soilik bi galdetzeko eskatzen baitu, baina biak pedigridunak zituztenak bazeuden arren, itzultzaile beharra izan zuen batek baino gehiagok euskara batu saiatuan izen-deiturak eskatu nizkienean. Irungo taldea ez zaigu aurkari suertatu, eta ezin izan dut haiekiko ere nire baztertzailetasuna neurtu; haiei ez dakit, baina Easo Ederrekoei gizarte honetako hariak mugitzen dituzten karguetarako eta lanpostuetarako haina ematen ez badie, Oiasso zaharreko Mosku plazan gora eta behera ibiltzeko arazorik ez lukete, diskriminatzaileak ez diren hizkuntzatan ondo trebatzen baitituzte, esaterako, Saint Patrick’s English Schoolen, you know what I mean.
Malitik, Kolonbiatik, Palentziatik, Txinatik gurera etorritakoek hemengo hizkuntza baztertzaile hau ikasteko aukera dutenez, etorkizunari heltzeko baliabide garrantzitsu bat gehiago izango dute. Eta bestela, Irunen bezala, baina bertatik bertara, laster Azkoitiko udaltzain lanetan jardun ahal izango dute; izan ere, borroka horretan lehen urratsak ari dira egiten: antza denez, merixuk falta eta, Arkauten egindako txapel gorri zein urdinentzako probetatik sortutako lan-poltsatik bideratuta iritsi dira handikualdea; B2 euskara-mailadun udaltzainak, baina paperetan "erabiltzaile aurreratu" gisa definitzen direnak "baztertzaile aurreratu" dira Plaza Berrixen. Ulertu arren ez ulertuarena egin, eta hitz egiteko gai izan arren gogorik ematen ez dietelako egiten ez duten horietakoak. Eta isunak, gaztelania batuan.
Intsumiso berriak. Uniformedunen kale-borroka. Desobedientzia urdina. Blue lives matter. Zerbitzari publikoen ustezko eskubideak herritarren eskubideen gainetik. Ustezko diskriminatuak zinez diskriminatzaile. Eta horrelako jarrerak bai direla kutsagarriak. Pandemia horren aurkako txertorik ba ote dago?