Iritzia

Aro Berri on!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2022ko urt. 23a, 09:10

Imanol Amianok 2022ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bi urte berehalaxe beteko dira pandemiak Europako lehen agerraldia Bergamon egin zuenetik. Gure katolikotasuna aprobetxatuz, hara joatekoak ginen duela bi Aste Santu; beharbada dagoeneko txartelak hartuta genituelako, primeran gogoratzen ditut orduko irudiak: ospitaletako kaosa eta militarrak kamioietan hilkutxak garraiatzen –4.500 pertsona, heldu zein gazte, hil ziren han 2020ko martxoko lehen hiru asteetan!–. "Ba, hori Aste Santurako pasatuko duk", esaten nion neure buruari. Kaka zaharra. Bidaia atzeratu eta atzeratu, azkenean, gure espainiartasuna baliatuz, etxekoak Lombardiako hiri eder horretan izan gara abenduko zubi konstituzionalean. Mundu guztiak zeraman maschereta jantzita, baita aire librean ere, eta COVID pasaportea ezinbestekoa zen edonon sartzeko; txantxa gutxi horrekin han!

Zeru urdina, ezin urdinagorik, eta hotza, arraioa, baina atzean utzi genuena utzita, hori zen gutxienekoa. Ederki pasatu genuen –bidaiaren detaileak, pribatuan–, eta majo despejatuta, buelta. Kotxea hartu eta, Mordorren sartzearekin batera –Ocho apellidos vascoseko eszena hura bera zirudien–, irratian entzunikoarekin inpaktatuta geratu nintzen: Jose Ignacio Munilla gure gotzaina Alacantera bidali dute ardiak zaintzera (guirra izeneko arraza desagertzeko zorian dagoelako, agian?).

Sekulako disgustua daukat. Horrela ari dira gure oinarriak ahultzen; zer izango da hurrengoa, Konstituzioaren eta Aste Santuaren partez Euskararen Eguna eta Zinemaldiko Astea jai egitea? Idiazabalgo Gaztaren Eguna eta Tourreko Pirinioetako Astea? Beharbada, Mediterraneoko ardiek Kantauriko ardi latxek baino gehiago beharko dute artzaina, baina ora pro nobis, Josinazio! Halako burutazioak nerabiltzala, argia ikusi nuen; beno, bideo bat. Gure Joxemairena. Eta solte nituen kableak lotu ahal izan ditut.

Nik garai hartan ez nekien arren, badira ia bi urte nire barne-egitura elektrikoa eraldatzeko beharra sentitu nuela; baina, ziur aski, ikusita nola dabiltzan gremioak, barneko energia-lerroak txertoen bidez eguneratzea pentsatuko nuen. Horrela, Joxemaik dioenez, AstraZeneca hartzea erabakiko nuen lehenbizi, antza, sistema emozionala egituratzeko. Baina badakizu, irakurle, lehenak bigarrena dakar, eta, behin kobrezko lerroak aktibatuta, sistema mentala eta sinesmenena ere eguneratu nahi omen nituen: Pfizer txute bat hartu nuen. Nola aktibatu zilarrezko eta urrezko lerroak! Ezta Iraurgiko mutilen igoerarekin ere halakorik!

Orain hirugarrenaren zain nago. Johnson & Johnsonena izan dadila nahi dut, sistema fisikoa eraldatzeko (dopin ote sansilbestrean?). Badakit batzuek ez duzuela txertatu beharrik sentitzen Aro Berri honi aurre egiteko, salto globala barneratuta daukazuelako, berez, baina ez dakizue ondo zer galtzen ari zareten. Ni inor ezertara derrigortzearen aurka nago: izan txertatzera, izan pasaportea ateratzera (baita Espainiakoa bada ere). Derrigorreko pasaporte bakarra Abitainerakoa da, eta denok aterako dugu hori, baina hobe geroago lehenago baino. Bitartean, saiatu ingurukoak gehiegi ez izorratzen. Eta Aro Berri on!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide