Euskaldun, pedigridun

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2022ko uzt. 26a, 10:56

'Euskal Herrian euskaz!' pintada, Arrasaten. (Mikel Iturbe)

Imanol Amianok 2022ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Ez ote zait azpeitiar bat tokatuko!". Hori da egunotan Donostiako Luberri institutuan C1eko ahozko azterketa egin behar duten ez bat, ez biren desioa, ia erregua. Ez zaituztete gorroto, ez, baina ez zaituztete ulertzen. Hitzez hitz. Azpeitiarrez hitz egiten duzuelako, izan azterketa ofizial baten, izan Korralen patata tortilla jaten. Zerbait anekdotikotzat hartuko du norbaitek, sinpatikotzat –galdetu beharko litzaioke azterketari irundar hari parekatzeak egin dion graziaz–; harrotu ere egingo da, beharbada, bat baino gehiago.

Ez da hilabete azpeitiar gazte batzuek ETBren Zurekin bat izeneko programa-lehiaketan parte hartu zutela. Laukotea, eske eta porke batzuen gorabeheran, azpeitiar jatorrean aritzea deigarria egin zitzaidan. Anekdotikoa, sinpatikoa... eta kezkagarria. Ez baita, inondik inora, zerbait berria: unibertsitatean aurkezpenak azkoitiarrez entzun ditut; Gazteako esatariek beren euskalkian jarduten dute; futbolariek adierazpenak, areago, sukalkian...

Ez naiz soziolinguista, baina susmoa dut Ibon Sarasolak jatorkeria deitzen dion kontu hau guztia ezjakintasunetik etor litekeela. Nire ustez, soilik erregistro informal hori erabiltzen duten gazteak ez dira konturatzen, hizkuntzari laguntzen ari zatzaizkiolakoan, egiten dioten kalteaz. Antonio de Nebrijak 1492an argitaratu zuen gaztelaniazko lehenbiziko gramatika; inork gutxik eztabaidatuko du fruitua mundu guztira –eta, bereziki, gurera– eman eta zabaltzeko gaztelania batuaren baliagarritasunaz. Urrian 54 urte beteko dira Arantzazun elkartu zen kuadrillak hizkuntzaren biziraupenerako ezinbestekoa zen lanari ekin zionetik. Sukaldean itzaltzen ari zen hizkuntza hezkuntzan, administrazioan, komunikabideetan... edozein esparru formaletan erabilgarria egingo zitzaiguna bilakatzeko.

Bada, orain, badira mende erdiko lan eskerga hori arbuiatzen dutenak, eta, horren aurrean, euskalkien defentsa sutsua egiten dutenak; bien arteko hautua egin beharko balitz bezala; agian, maketo iraultzaileak dagokien lekuan uzteko, benetako euskaldunak zein diren argi uzteko. Lehengo lepotik burua: lekeitiarrekin hitz egiteko, gaztelania jatorrean. Hazparnekoekin hitz egiteko... Ba ez dugu hitz egingo, eta listo. Euskaldun, fededun izatetik euskaldun, pedigridun izatera pasatu gara.

Gure aita zenak –hura bai euskaldun, fededun– sekulako joera zuen bere hizkera moldatzeko aurrean zuenaren arabera, eta nik ere bai (abilidade gutxiagorekin, ziurrenik); konturatu gabe jotzen dut batura, batuantzera. Zer egingo diogu, ba. Baina etxekoekin, lagunekin Korralen patata tortilla jaten, hor bai, sukalkian aritzen naiz –eske eta porke eta guzti, tamalez–. Eta toka. Eta noka. Zer nahi duk, mediku ona ala euskalduna? Zer nahiago dun, euskara batua ala euskalkia? Zer nahiago duzu, euskara ala euskara?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide