Baziren pare bat urte medikuarengana joaten ez nintzela, baina aurtengo negua benetako negu izan, eta dardara, izerdi, sukar eta muki artean telefonoa jo behar. Anbulatorioko erizainak, ibuprofenoa eta paracetamola hartzeko. Ondo ez, ordea, eta hitzordua hartu nuen familia-medikuarenganako. Beno, nire medikua zena dagoeneko ez dago. Ba ezagut dezagun berria.
Egun onari buenosdías: "Hara, ederki hasi gaituk", neure golkorako. Horrelako egoeretara, beharrak aginduta, ohitu egin gara eta kiroltasunez hartzen ditugu. Gehiegizko kiroltasunez. Auskultazioa eginda, dena normal, antza, baina badaezpada ere plaka egiteko, okerreko zerbait ikusiko balitz, deituko zidala, eta eskuz urgente idatzi zuen hurrengo asteko data zuen erradiologiako kontsulta-orrian. "Baine datorren asteko fetxie dauke honek!", "zeinek eman dizu bolantie?", "urgente eskuz idaztiek ez tu baliyo!", "nundik etorri da hori!" izan ziren hango teknikariak, tximistak jota, botatakoak. Lanera itzulita, pare bat aldiz deitu zidaten, baina bietan klasean nengoen, eta ezin ba hartu. Neuk deitu, eta alferrik. Deituko dizu. Kitto. Hilabete geroago, hemen nabil kirri-karra soinean. Ondo egongo ote dira plakak…
Eskuzabal jokatzen dugu. Gehiegizko eskuzabaltasunez. Zer esanik ez hizkuntza-kontuetan. Lehen arretako nire mediku berria ona izango da, baina aurreko medikua ere ona zen. Eta euskalduna. Eta, horregatik, hobea. Izan ere, ni, erre fuerrrrte batzuen gorabeheran eta Konstituzio sakrosantuak agindu moduan, moldatu nintzen kontsultan, baina erdaldun elebakarrei harrigarria egiten bazaie ere, ez dira gutxi zailtasunak dituzten herritarrak bere lehen hizkuntza ez den beste horretan hartu-emanak egoki izateko, egoera are larriagoa behar bereziak dituztenen, adinekoen edota gaztelaniaz ez dakiten haurren kasuan. "Mediku euskalduna", "musika militarra" edota "justizia espainiarra" bezala, oximorona izango balitz bezala botatzeak amorrua ematen dit. Zer nahiago duzu, mediku ona ala euskalduna?
Vall d’Hebroneko ospitaleko Cadizeko erizain hark bezala, epaileek Uliazpi fundazioan lan egiten duten osasun-profesionalen hizkuntza-eskubideak herritarrok geure hizkuntzan komunikatzeko eskubidearen gainetik jartzen dituzte, eta, noski, kalitatezko zerbitzua jasotzeko eskubidearen gainetik, pazienteen hizkuntzan haiekin elkarreraginean aritu ezin duen profesionala ez baita, inondik inora, ganorazko zerbitzua eskaintzeko gai. Horren erakusle Felix Zubia medikuari entzun niona irratian, Donostiako Ospitalean gertatutakoa: pertsona bat, iktusak jota, ez zen gai medikuak gaztelaniaz egindako galderei ondo erantzuteko, eta sendagileak afasia diagnostikatu zion. Zubia, ordea, han zebilen eta pazientea harekin euskaraz bizi-bizi hitz egiteko gai izan zen. Iktusa ez, hizkuntza zen arazoa. Medikuarena afasia, izatekotan, ez pazientearena.
Pazientziadun pazienteak gara, bai. Hegoaldeko euskaldunok -¿quéponentudeneí?- ez dugu inongo gaztelania-mailarik erakutsi behar lan publikoetan aritzeko -garai batean soldaduari, gerrarik ezean, adorea "izango du" kartillan idazten zioten antzera-, baina atzerritarrei eskatzen zaie gaztelaniazko C1 titulua MIR azterketarako. Zergatik? Zer nahiago dute, ba, mediku ona ala gaztelaniaz dakiena?