Gipuzkoan gehien saltzen den egunkarian argitaratutako albiste baten pantaila-argazki bat iritsi zitzaidan Whatsappez, begi handi irekidun emotikonoz lagunduta: "Xubi izango da Gipuzkoa Basketeko koordinatzaile berria" –itzulpena, nirea, noski–. "Ona photoshopa! Kar-kar!", "62 urterekin? Fake news", eta antzekoak taldeotan. "Donostian vox populi zen", ordea, hirugarren batek. Sugarren modura zabaldu zen berria, handik edo hemendik, Iraurgirekin zerikusiren bat dugunon artean; sutu, bat eta bi baino gehiago prentsa bidez albistearen berri izateagatik, horrelakoetara ohituta egon beharko genukeen arren. Ordezkotza prestatzen zebilen azken denboraldietan Jose Luis, eta jakinekoa zen Ibon Guridi izendatua zuela oinordeko. Apirilean egindako Ohiko Biltzar forma hartu zuen ezohiko batzar hartako eginkizun banaketa onartu zen ibilbide orri gisara, eta, gehiago edo gutxiago, abdikazioa gertu zegoela zirudien. Inork gutxik espero zuen, ordea, Iraurgi ibarreko itzalpeko lehendakaria Donostian errege lehorreratzea. Edo Erregearen Esku, bederen.
"Ez didate gauza gehiegirik egiten utziko", edo antzeko zerbait esan zuen emozionatuta, Stephaniek emandako lore sorta eskuetan zuela, urteroko Loiola hoteleko bazkariko postreetan. Izan ere, Ilunben ez du pistarik muntatu beharko; speakerra ere badute, epaileei mikrofonotik "ba al leike" eta antzekorik esaten ez dien arren. Guk zerbeza ferian DJ berria beharko dugu; bazkideen txartel kudeatzailea ere bai; agenteei "lau ireki bat" eta "bost trontzo bat" eskatzeko; infantilentzako entrenatzailea ere topatu egin beharko da. Ez diote gauza gehiegirik egiten utziko. Fitxaketak eta halako huskeriaren bat. Hasteko, Mikel Odriozola. Eta, gutxira, Manex Ansorregi. Jexux ere berarekin emango ote du?
Mailaz jaitsita utziko ditu Xubik Juaristi eta Domusa Teknik. Ez da bere erantzukizuna, noski –harekin igo ziren biak ala biak–. Gerta zitekeen eta gertatu zen. Ohitzen hasiak ginen hamabostean behin Emakumeen Challenge edota Urrezko LEB ligetako Estudiantes edo Celta gisako taldeak villarribako Elkargunean eta villabajoko kiroldegian ikustera. Opari ederra izan da, oparia diren moduan klubean ditugun azkoitiar-azpeitiarrak, horiek ematen baitute Iraurgi Saskibaloiaren benetako maila: hogeita lau talde federatu –bota hamarren bat jokalari eta pare bat entrenatzaile taldeko– eta zientoka luze bat haur teknifikazioan; gehitu horien inguruan sortutako txapelketei, topaketei, ekitaldiei eta abarrei erantzuteko boluntario andana. Eta, noski, lehen taldeotako babesle nagusien ondotik mugimendu hori guztia hornitzeko dirua ipintzen dutenak.
Itzalpeko lehendakariaren itzala ez du nolanahikoa izango Guridik. Aukera gisara hartu duen moduan Nartzabalgoak, hala hartu beharko luke Ibonek, eta ez genioke gauza gehiegi egiten utzi beharko, asko seguru egin beharko baitu.