Adjektiborik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2024ko mai. 19a, 09:00

(Argazkia: Zarateman / Wikipedia)

Imanol Amianok 2024ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Martxoaren 1ean estreinatu zen Netflixen No estás sola. La lucha contra La Manada dokumentala. Bertan, duela zortzi urte, 2016ko sanferminetan bost gizon sevillarrek neska bat taldean bortxatu zutenekoa dakarte gogora, bai eta zortzi lehenagoko –2008an– Nagore Laffage gazte irundarraren erailketa ere. Gogorra dokumentala. Gogorrak bertan ikusi eta entzundakoak. Kazetari espainiar ospetsu bati irakurri nion adjektiborik gabe geratu zela. Adjektiborik gabe geratu? Hitzik gabe bai, beharbada, baina nola geratu, ba, adjektiborik gabe!

Azter dezagun kontua, gaztelaniaz adjektiborik gabe geratzea oso zaila baita. Erlazionalak izan daitezke ("bortxatzaile militarra") edota gentilizioak ("bortxatzaile sevillarrak" edo uruguaiarrak, edo herritarrak, urrutira joan gabe...); determinatzaileak izan daitezke: zenbatzaileak ("bost bortxatzaile" edo "bortxatzaile bakarra"), zehaztugabeak ("bortxaketa gehiegi"), harridurazkoak eta galderazkoak (zenbat bortxaketa!?), posesiboak ("gure bortxatzaileak"), erakusleak (bortxatzaile hauek, horiek, haiek); gehienetan, ordea, kalifikatzaileak dira, izena zehazten dutenak, alegia: "bortxatzaile –eta Ricardo Javier Gonzalez Gonzalez epaile– nazkagarria", deskribatzaile hutsak.

Euskarak ere baditu, noski, adjektiboak, berdin kategorizatzen ez baditugu ere; batetik, izenaren ondoren doazenak ditugu, izenondoak ("lerro mehe urdina", esaterako), eta aurretik doazenak, izenlagunak: "esaneko txakurrak" edo "martxoaren 3ko sarraskia", adibidez. Batzuetan, ordea, adjektiboek oximoronak sortzen dituzte; hots, nekez uztar daitezkeenean izena eta izana ("justizia espainiarra" edota "herriaren polizia", kasurako).</span

Euskal Filmotekan gordetako Koldo Larrañaga apaiz eta zinemagile –besteak beste, izen mordoa aposizioan bata bestearen atzetik ipin ditzakegulako– azkoitiarraren 1976ko irudietako bala-zorroek 2024ko foam-pilotei utzi diete lekua, eta Lluis Llachen Campanadas a mort Erkorekaren Pilotades a discreció bihurtu da, baina hor ez dago adjektiborik; beno, bai, "El Corte Inglés" babestuarena. Kategoria kontua.

Datorren Jai Karnabala martxoaren 2an izango da. Bitartean, beste bortxaketa bakar bat ere gehiegi izango da; halakorik ez dadila gerta denon ardura da, baina gizarte honek bide luzea dauka egiteko, eta oraindik Martxoaren 8 asko beharko ditugulakoan nago. Ea nolakoa den, era berean, Astelehen Karnabala Gasteizen; beharbada, aurtengoan moduan, paisano mozorroa izango da erabiliena, baina martxoaren 3 urrun hartan eraildakoen memoriaren aldeko aldarriak borra hedagarriek ere ezingo dituzte isildu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide