Hitz egitea bakarrik falta zaie

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2024ko urr. 24a, 08:15

(Argazkia: Pixabay)

Imanol Amianok 2024ko iraileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Berak ez luke inoiz egingo". Hori zen 1989 urrun hartan opor-garaian telebistan botatzen hasi eta denon ahotan egon zen iragarkian esaten zena, txakur bat kotxe batetik jaitsarazi eta bide-bazterrean nola uzten zuten ikusten zen bitartean. Hori, ordea, aspaldi zen, txakurrentzako hotelak abiaburuan edota txakurrak onartzen dituztenak helmugan egon aurretik. Orain, haurrak dira gasolindegietan abandonatzeko tentazioa ematen dutenak, surtidore ondoan utzi eta umerik gabeko hotel horietako batera joateko. Bueltakoan ez ahaztu jasotzeaz.

35 urte ez dira alferrik pasatu, gizarte-eredu berria dugu. Familia ugarietatik guraso bakarretara pasatu gara eta bikoteak soilik bikote dira. Tira, 100 miliak eta quebrantak ezin dira prestatu gabe egin; gimnasioa, pintxo-poteoa eta kontzertuak ezin ditugu galdu. Eta haurrek traba baino ez dute egiten. Hori horrela, ez da harritzekoa gure inguruan haur baino txakur gehiago izatea: Azpeitian 2.700 txakur eta 2.480 haur bizi dira. Hiru familiatatik batek txakurra dauka. Erdiak konpainiarako, herena pasa ehizarako eta gainerakoak zaintzarako, etxea zein ardiak. Inkestan ez da haurrak zertarako dituzten galdetu.

Hori bai, Pintto dagoeneko ez da gure txakurra. Bat, Bi, Hiru eta Lau, Argi, Txuri edo Beltzek Thor, Rocky, Bimba eta Lola –kar, kar– sofistikatuagoei utzi diete lekua. Dagoeneko ez daude txabolan kate motzean lotuta, solte korrika egitea komeni baitzaie –ez beldurrik izan, ez du ezer egiten eta...–. Orain tabernak, dendak dituzte habitat natural. Brakoak sierben espaloian, beagleak Astotegian, arratoi-txakurrak Sanjuandegin. Patruila kaninoa Loiolan. Garai batean parkean ligatzeko erabiltzen zituzten; egun, sozializatzeko. Kakak sozializatzen dituztenak ere badaude, baina zortea ematen omen du zapaltzeak. Aktoreek esaten duten moduan, kaka-pila bat –eta txiza-parrastadak– zuretzat.

Pandemiak bi gauza utzi zituen garbi: balkoidun etxeak eta txakurrak behar ditugu. Bizpahiru, hiruzpalau, bospasei aldiz kalera irteteko lau hankako gailu paregabeak izan genituen; oinak urratuta, neka-neka eginda alfonbran, sofan etzanda, gizajoak, eta jabeak kalerako tiraka. Eta geldian, laztanduz gero, gorputzak (gureak) oxitozina eta serotonina hormonak jariatzen ditu, ongizatea, maitasuna, konfiantza, finean, zoriontasuna ekartzen dizkigutenak, alajaina. Haiek bai merezi txaloak! Baten batek egin moduan, oinordeko izendatzeraino ez, baina txaloak, bai. Merkeagoak dira, gainera. Egia da pentsu –eta jamon-york– mordoska jaten dutela, albaitariarengana, ile-apaindegira eraman beharra daudela, baina, momentuz, unibertsitatera ez. Hitz egitea bakarrik falta zaie. Hitz egingo balute...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide