Arartekoak gazteen artean egindako azken txostenak erakutsi digu dagoeneko ustez gaindituta geneuzkan ideiak eta pentsamoldeak indartsu berragertzen ari direla. Esaterako, mutilek feminismoaren mezuak muturrekoak direla uste dute, eta erdiek ez dute uste indarkeria matxista gizarteko arazo garrantzitsuenetakoa denik. Gero eta gazte gehiago dira halako indarkeriarik denik ere defendatzen dutenak eta feminismoaren biktimatzat dute beren burua, portaera matxistak ugaritzen dituzten bitartean. Sare sozialak gorroto-zulo bilakatu dira eta mutil gazteak mezu misoginoak berenganatzen ari dira, baita emakumeak ere.
Urrutira joan gabe, hor dugu EHUko Zuzenbide fakultateko ustezko irakaslea, sareetan komentario matxista eta homofoboak egin zalea. Unibertsitateak –inongo instituziok– ezin du bere baitan halakorik onartu, baina, badaezpada, ikasleek aurre hartu zioten erakundeari, eta kanpora lagundu zioten zabor-piloari. Bada adierazpen askatasunaren izenean gazteon jarrera arbuiatu duenik, inoiz ez baita falta izaten halakorik. Eta isilik geratu denik ere bai. Nola izango da, ba, deitoragarria berdintasunaren eta askatasunaren kontrako jarrera, pentsamolde, adierazpen eta erasoak sustatu eta hauspotzen dituenen kontra aritzea? Bestearen askatasuna erasotzen duenak ezin du horretarako askatasunik izan.
Matxismoa, LGTBIfobia, arrazismoa, xenofobia... Normalean pack berean doaz. Kasu bakanak, diote. Kasu bakan mordoska osatzen dute, ordea, halakoek. Horregatik, ezusteko ederra eman zidan alabak Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatutako entrenatzaileentzako sexu-jazarpenaren prebentzioaren eta horren aurrean egin beharreko ekimenen inguruko ikastaroaren berri eman zidanean. Beharbada Gernikako entrenatzaile eta kirol zuzendariarekin gertatutakoa gogoan –14 urteko espetxe-zigorra eskatu dute harentzat gazte bati sexu-eraso jarraitua egitea egotzita–, eta gazteen artean pizten eta hedatzen –zorionez, momentuz nagusitzen ez– ari diren pentsamolde horiek direla eta, gertakariei aurre hartzea erabaki dute.
Entrenatzaileen eta jokalarien –haur zein gazte– arteko harremanetan sor daitezkeen indarkeria motak aztertu zituzten, psikologikoak, fisikoak zein sexualak: esamesak, begirazunak, biluzteak, aldageletako grabaketak, ukituak, sexu-joko eta harremanak, umiliazioak, bazterkeria, mehatxuak, kolpeak, min hartuta jokaraztea... edota ariketak zigor moduan eginaraztea, besteak beste.
Azken horretan sartuko litzateke, adibidez, marrak, 'lineak' egitea. Ez dakizuenontzat, jokalariek entrenatzailea kokoteraino egiten dutenean, kiroldegiek izaten dituzten askotariko kiroletarako kantxetako koloretako marretaraino esprintak egitea da, gutxi gorabehera; lehenengo lerroraino eta buelta, bigarreneraino eta buelta (lehenengoraino edo hasieraraino, entrenatzailearen haserrearen arabera), eta horrela beste puntako marraraino. Eta buelta. Lineak ez ditut inoiz zigortzat hartu, "hausnarketa mugimenduan" gisara baizik. Entrenatzaile izan nintzen urteetan kiroltasunez, txantxa giroan ez zenean, hartu izan zuten jokalariek marrak egite hori. Baina tira, alde batera utzi behar badira, utz bitez. Zeharkatu behar ez diren marra gorriak zein diren garbi dugun bitartean...