Denbora

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Amiano 2025ko ots. 22a, 08:59

Erloju zaharra, San Martin egoitzaren atarian. (Aitziber Arzallus)

Imanol Amianok urtarrileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Herriko zaharrei ordulari elegantea ipini diete egoitza kanpoaldean; 1815ean egindako erloju ederra bueltan da, bai, Mixikordiyen. Tira, haren ondorengo eraikinera. Miserikordia irakurtzean beti etortzen zait gogora "miseria gorda", hala deitzen baikenion umetan ondoko –nire– herriko Mixikordixei; miseria potoloa baita geratzen zaiena pixkanaka-pixkanaka, tik-tak, badoala entzun, ikusi, sentitu beharra. Edo beharbada haren aurretik egunero hiruzpalau aldiz pasatzen garenontzat ohartarazpena baino ez da, denbora aprobetxa dezagun. Astia hartu behar, ordea, horretarako.

Herrian altxor hori izatea, miseria ez, luxua dela esan zuen alkateak inaugurazio ekitaldian, eta hala da, zalantzarik gabe, historia eta arte ondare paregabea baita; benetako altxorra, ordea, denbora bera dugu, eta luxua, hatzotatik irrist egiten uztea; zeharka begiratzen diote egonean daudenek erloju ederrari, zeharka joan-etorrian gabiltzanok ere.

Tempus fugit dio latinezko topikoak: denborak ihes egiten digu; azkar joaten zaigu gustura gaudenean; motel, gogaikarri, desatseginetan. Ziztu bizian pasatzen zaizkigu oporraldi gogoangarriak; amaigabeak izan litezke bost minutu ziztrin. Neutroa izan, ordea, denbora. Gertakarien arteko tartea neurtzen duen magnitude fisikoa da, eta, itxuraz, atzeraezina. Edo, beharbada, hori ere ez. Fisika modernoak dio denbora ez doala aurrera, irudipena baino ez dela. Agian, existitu ere ez dela existitzen. Begitazioa, lilura, zentzuen ilusio bat dela. Zerbait kulturala. Denborak ez dauka materiarik, baina bertan sortu eta bizi gara, amaitzen zaigun arte; iragana, oraina eta geroa kudeatzen dituen sentsazioa. Etorkizuna balizkoa da, hipotesia. Beharbada ez da iritsiko. Orainak balio duela diote, zerbaitek balio badu, baina baita iraganak ere. Zer gara ba, bizitakoa ez bagara?

Denbora zen behar genuena azaroaren 21a baino lehen, eta denbora beharko omen dugu ostegun hartatik aurrera ere. Denborak sendatzen omen du dena. 55 urte dauzkat, eta 35 eman ditugu elkarrekin. Nire denboraren %63,636363... infiniturainoko periodoa, infiniturainoko bizipenak eta sentimenduak. Konturatzerako pasatu zaizkit segundoak, minutuak, orduak, egunak, asteak, hilabeteak eta urteak, eta, konturatzerako, orratzei helduta ikusi dut neure burua, Harold Lloyd banintz bezala, ez amiltzeko ahalegin hutsalean, orratz horiei helduta, berandu baino lehen ahokadaka, itolarriz, esan gabeak esan nahian, esandakoak gogoratu nahian.

Kristalez eta burdinez inguratu dute erloju zaharra egoitzan, baina denborak ez du miserikordiarik, badoakigu zirrikituetatik; estu-estu heldu nahi, baina irrist egiten digu hatz artetik. Elkarrekin ihes egiten utzitakoaz, ordea, damurik ez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide