Memoriaren laino artean bada ere, gogoan dut 1987ko apirilaren 5 hura, igandea. Ikusmina dago herrian: Azpeitia eta Hazparne senidetu dira, eta ongietorriak, kalejira eta abarren artean saskibaloi neurketa antolatu dute. Hazpandarrak lagun kuadrilla baino ez dira, eta Uria, Xubi, Pino eta gainerakoek ez dute aurkaririk. Ez du axola, ordea, festa da nagusi eta. 2024ko abenduaren 29a, igandea. Euskal Star Game antolatu dute Hazparnen, NBAko All Star Game tankeran, Iparraldea eta Hegoaldea dira konferentziak. Lehenago hango eta hemengo enpresetako kideek, euskaltegietakoek, Soinubila eta Antxieta musika eskolek, Elhuyar eta Urola ikastetxeek edota Lagun Onak Mendi Bazkunak egin bezala, parezkotasuna sustatzea helburu, hara doaz Iraurgiren nesken bigarren taldekoak, Iparraldeko selekzioari aurre egiteko asmoz. Eta han joan gara gurasoak ere.
Arratsaldeko bostak. Aparkatu eta herritar multzo bat, bileraren batetik irtenda, antza. Belarria ipini, eta denak frantsesez. Tira. Herrian zerbait hartuko dugula. Bezperan izan zen 28, baina inuxenteak gu. Karriketan harat eta hunat, etxeetako plakek beren izen ederrak jakitera ematen dizkigute: Uchkurraania, Larraidienia, Labiagerre, Karrikabeherea, Bordatotea. Amonak estalpean eserita, kalakan. Frantsesez. Eskualdunak izan, ordea, guziak. "Arratsalde on. Tabernaren bat irekita?". Harridura aurpegiak. Ez dakigu euskaraz hitz egin diegulako edo tabernaren bat irekita egon al litekeen galdetzeagatik. "Karrikan beherat Hordago ostatua dago, bainan...". Hor dago, bai, baina itxita. Karrikan gorat. Aroztegia, Balthaenia, Idoeta, Atherbe Ona, Laxaldenia. Joño, gazte batzuk. "Tabernaren bat inguruan? I don’t understand". Ederki. Piarresenea, Piallotea, Xokolatenea, Salamundea, Lisondea, Katapundea, Bordaxuritea, Bellecave ttipia, Luroa. Argia jatetxearekin egin dugu topo. Atea irekita. "Excuse-moi, je suis désolé. C'est fermé". Ba, itxita. Gu bai, desolé.
Mendeala kiroldegirat iritsi gara. Sarrerako emakumeak bai, badaki euskaraz; dotore, gainera; kantxa ondoan ipinitako tabernakoek, ez. Taloak, garagardoa, musika zuzenean eta guzti. Argi dago, hazpandarrak han daude. Hiruko jaurtiketa lehiaketa, abilezia jokoa, aulkiko saskibaloi erakustaldia eta gizonezkoen zein emakumezkoen partidak. Laurburuak eta ikurrinak nonahi. Showtime. Hegoaldeko taldeak megafoniatik, eta haien euskarazko hitzak kantatzen dituzte. Ondoko neskek, ordea, Rafa Nadal eta enparauen moduan, "¡Vamos!" botatzen dute, guri zeharka begiratuz, gu eta gure neskak zirikatu asmoz edo. Kanaldude telebista zuzenean ematen ari da neurketa streaming bidez, Patxi Vrignon eta Julen Oillarburu komentatzen, euskaraz. Ez daukate meritu makala. Kantxan, partidako animatzailea, jo eta su, frantsesez; indigenen zipriztinen bat tarteka: "Iparraldeak hogoita bortz, Hegoaldeak hamairur", hasperen eta guzti. Uztaiak, kaskarrak. Gureen jokoa eta emaitza, kaskarragoak. Guk ere hasperen.
Amaitu da neurketa. Amaitu ditugu taloak eta garagardoa. Bueltan gara Haizbarnetik Haizbeitira, senidetik, parezkotik gutxi dugun sentipenarekin. Mendebaletik ufaka, Ekia laino artean, Hegoak moztuta, Iparra galduta... beldur naiz laster ez ote garen Haizterixen herrixka bihurtuko, erderen Petibonum, Laudanum, Babaorum eta Aquariumez inguratutako arnasgunea.