Har dezagun feminismoa, eta ikus dezagun zer bide egin duen azkenengo urteetan... non? eta bertsotan. Bai: bertsoek zeozertarako balio beharko digute guri ere, eta Argia/Emakundek 2014an ateratako Bidea urratu duten bertsoak izeneko liburuxka hartuko dugu erakusgarritzat. Feminismoa esan dut, baina hobeto egongo da, zabalagotik harturik, emakume kontzientziadunen jarduna esatea, zeren oraintsuko kontua baita feminismoaren orokortzea; hau da: emakume kontzientziadunak ia erabat feminista deklaratzea eta itxitura horretan beren buruak errenditzea.
Hasiko gara, beraz, 1988an. Galdetzen diote A. Loidiri emakume eta bertsolari izateaz, eta hark erantzun: "problema ez da sexu kontua, / baizik ona izatea". Hauxe da abiapuntua; gero, ikusiko dugunez, gauzak alderantziz izateraino gaiztotuko dira.
Hurrengo bertsoak 1993koak dira. Bertsolarien Egunean hiru emakume jarri dituzte bertsotan saioaren azkenean. Eta M. Lujanbiok dio: "gizonezkoen tarta honetan / krema ez dugu izan nahi". Ezin batzuen berri ematen du biziro egoki I. Ibarrak: "nahiz ta gizonek krixtonak esan / beren grazi eta guzi, / deputamadre gelditzen zaie / ta guri berriz itsusi". Saio hari errematea E. Arozenak eman zion, erremate gogoangarria inondik ere: "ni ziur nago egunen baten / erakutsiko dugula / bertsolaritzak barrabilekin / zerikusirik ez dula".
Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.