Har dezagun, beraz, lurra, eta etxe-inguruko lur-puska, adibidez. Bietako bat dago: edo da apaingarri eta edergarria eta ez da ukitzen, edo ukitzen eta erabiltzen da baina orduan ez da apain-edergarritzat hartzen; azkenengo honi deitzen zaio baratzea gaur, eta besteari, berriz, jardiña esaten diogu edo, euskara txurian, lore-baratzea, lorategia eta hola.
Hau hola izan al da beti?, eta batik bat: hola behar al du derrigor? Ba badirudi mundu zibilizatuan hasi garela bereizketa hori urratzen. Oraintsu erabaki du Parisko udalak hiri horretako edozein lur-puska libre dela erabiltzea edozer landatzeko: lorea bezalaxe porrua edo azenarioa. "Berdegune" kontzeptu aldrebes hori hautsi eta ama lurrak bere gorria ere erakutsi ahalko du Parisko hirian; ama horrek bere gorputza ukitzen eta komeni bezala erabiltzen utziko digu, voyeurismo edo ikusmirantetza antzuaren kartzelatik irtenda.
Gauzak nola ziren hemen lehenago? Ba gauzak ziren behar bezalakoak, baina Frantziatik eta Espainiatik bueltan, asuntoa egin zen nahastu eta aldrebestu. (Honek aldarri super-abertzalea dirudi, baina ez da.) Hona nola izan zen gauza: baratze hitzak adierazten zuen berez —oso gerora arte— edozein belarki landatzen zen lur-eremua, bereizi gabe belarki horiek jatekoak ziren, apaingarri hutsak ziren edo biak batera ziren; frantsesez ere jardin gauza bera da bere soilean, jatekorik eta apaintzekorik bereizten ez duen hitza, baina gertatu zen jardin hitz hori, berez frantsesezkoa zelarik, españolak hartu zuela, eta españolaren barruan adiera apaingarri hutsarekin erabili dela. Hurrengo pausoa: jardin hitza euskarara sartu zen adiera españolarekin, eta baratze hitzari bultza egin eta, ondorioz, baratze gelditu zen gaur daukan esanahi murritzarekin: alderdi apaingarria kendu eta jateko barazki hutsen lur-puska izendatzera mugatu zen.
Artikulu osoa irakurtzeko, joan Urola Kostako Hitza-ren webgunera.