Lau urte egin nituen hots, silaba, hitz, esaldi eta liburu artean buru-belarri sartuta. Esango nuke orduan piztu zitzaidala guztiz kontzientzia linguistikoa, eta orduantxe hasi izango nintzen inguruan nuenaren balioa benetan ulertzen, baina ez soilik gure hizkuntzaren argi-itzalak aztertzen pasatzen genuelako eguna, baizik eta herritik irten, Euskal Herri zabaleko jendearekin elkartu, eta euskarak beste eremu batzuetan zer toki zuen ikusi nuelako. Eta, Gasteizen egin nituen urte haietan, halako harrotasun puntu bat eragiten zidan azpeitiar izateak, ingurukoen begietara euskara bizi-bizirik zegoen herri batean bizi bainintzen. Baina herrira itzuli, errealitatearekin topo egin, eta sentipen gozoak behin baino gehiagotan mikaztu zitzaizkidan.
Garai hartan eman zuten ondoko datu hau telebistan: Azpeitia da 5.000 biztanle baino gehiagoko munduko herririk euskaldunena. Eta, nola ez, gogotik saiatu ginen hori lau haizeetara zabaltzen: paparra puztu, eta elkarrizketa askotan atera genuen gaia, behingoagatik Euskal Herrian barrena gure herriaren izen ona zabaltzeko zerbait handia bagenuela pentsatuz. Baina titulu hori hiztunei esker bakarrik iritsi al zitzaigun?
Egoera aztertzen hasita, ezin uka daiteke zortea geure alde izan dugula: herri euskaldun batean jaio gara, euskaraz bizitzeagatik beldurrik sentitu behar ez dugun garai batean; mendiz inguratuta, turismo masibotik babestuta egon gara, eta, gure aurrekoek maitasunez egindako lanari esker, hizkuntza bizi-bizia jaso dugu. Horregatik guztiagatik, gure egitekoa bat eta bakarra da: sehaskan edo eskolan jaso dugun horri eustea. Eta, hala eta guztiz ere, batzuetan nahikoa lan izaten dugu.
Norbaitek pentsatu du honezkero: zer dela-eta halako matraka orain hizkuntzaren inguruan, erabilera aztertzeko azken kale neurketako datuak onak izan baziren? Hala da, 2016ko azterketaren arabera, Azpeitiko kaleetan entzundako hamar elkarrizketatik zortzi (%81,8) euskaraz ziren 2016an; beste herri euskaldun batzuekin alderatuz gero, oso datu ona. Baina pixka bat atzera egin, eta horra hor kezkatzeko lehen zantzua: 2009ko azterketaren arabera, kalean entzundako elkarrizketen %86,1 ziren euskaraz. Hori ikusita, hurrengo datuen zain geratu beharko dugu, ea mundua hankaz gora jarri zaigun garaiotan azterketa horrek erakutsitako joera buruz behera jarri ote dugun jakiteko.
Oraintxe bertan, ordea, ez legoke gaizki kantitatea pixka batean ahaztu eta kalitateari begira jarriko bagina. Zenbakiei dagokienez, munduko onenak garela esan genezake, baina aspaldian gaztelaniaren morroi bihurtzen ari garelakoan nago. Gauza jakina da hizkuntzak etengabe aldatzen direla, hiztunak garai berrietara eta garai berri horietako ohituretara moldatzen baitoaz, eta, jakina, hiztegia sortu, beste nonbaitetik hartu edo moldatu egin behar da ezinbestean. Baina aspaldian halako beharrik gabe jotzen dugu gaztelerara, urrutiko intxaurren bila edo, euskal egiturak desitxuratzeraino: "Si esan dizut hori dela a lo atzoko ariketa". Halakoak gero eta ohikoagoak dira gure gazteen artean, baina guztiona da horren erantzukizuna: saiatzen al gara gure aurrekoek gauzak nola esaten zituzten jakiten?
Harrokeria utzi, eta harrotasuna indartzeko garaia iritsi zaigu: jarrai dezagun euskaraz kalean eta etxean, bai herrian eta bai kanpoan, baina entzun diezaiegun gure zaharrei, entzun ditzagun haiek esateko dituztenak eta esateko dituzten moduak, bide horretatik bakarrik lortuko baitugu Lazkao Txikik esana egia ez bihurtzea: "Martxa honetan, aurki erdaraz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan".