Iritzia

Lana eta osasuna

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2022ko urt. 25a, 08:00

Ione Gurrutxagak 2022ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Goizean iratzargailuaren hots garratzik gabe jaiki, maletak bete, eta munduari bira eman: Parisen gosaldu laranja zuku freskoa eta baguette xigortu berria hartuz, eguerdian Erromako kalexketan barrena eguzkipean pasieran ibili, arratsaldean Vienan kontzertu batez belarriak goxatu, Greziako irlaren batetik eguzkia itsasoan ezkutatzen ikusi eta Berlingo gaueko argiekin liluratu. Ez, aurten ere loteriako haurrek ez dute gure zenbakirik osatu bolatxoekin, eta aberaskumeen bizitza probatzeko itxaron egin beharko dugu oraindik.

Urtero bezala, beraz, egutegi berria zintzilikatu, eta urte berriari zer eskatuko diogun pentsatzeko garaia iritsi da, eta, aurten ere, zerrenda egiten hasiz gero, sekula ez amaitzeko arriskua daukagu: egoera lehengora itzul dadila, familiakoekin eta lagunekin lasai elkartu ahal izateko, inor gaixotzeko beldurrik gabe; hilabete amaieran larritasun handirik gabe bizitzeko aukera izan dezagula; gertuko eta urrutiko lurrak ezagutzeko eta haiez gozatzeko parada izan dezagula; noizean behin gutizia batzuk lortzeko moduan izan gaitezela... Bi hitzetan laburtuta, gure aitona-amonek esan ohi zuten moduan: urte berrian ere, lana eta osasuna.

Izan ere, sarri askotan ametsek itsutu egiten gaituzte, eta ahaztu egiten zaigu oinarrizko bi elementu horiek gure alde ez baditugu amets handi horiek txakur ametsak baino ez direla: nola joango gara munduaren beste muturrera osasunik ezean? Eta nola erosiko dugu gutiziarik txikiena egunerokoan babestuko gaituen teilatupea ordaintzeko lain ez badugu?

Beti esan izan da lana ez dela gauza ona izango, egiteagatik ordaindu egiten baitute. Baina, hala ere, falta dugunean (ez geure borondatez, noski) daukagunean baino gehiago kexatzen gara. Urte gogorrak ezagutu ditugu herrian, baina badirudi urak beren bidera itzultzen hasiak direla. Hala ere, ezin esan daiteke lan mundura azken urteetan sartu diren gazteek, urte haiek bizi ez, eta bide erraz eta laua izan dutenik. Han edo hemen, jende askok topatu du bizibidea, denean bezala, nahi baino soldata txikiagoarekin, onartzeko modukoak ote diren zalantza eragiten duten baldintzekin eta, kasu askotan, iraungitze datarekin: bekaldi bat, hilabete gutxiko ordezkapen bat, aldi baterako postu bat… Soldata murritzari hurrengo hilean soldatarik izango den ez jakitea gehituz gero, nola antola daiteke etorkizuna?

Halaber, dirurik ez duenaren azken esperantza osasuna izan ohi da, eta osasun horri beti eutsiko diogula sinetsita bizi gara. Baina dagoeneko esana dago bizitza honetara sufritzera etorri garela: zenbat buruhauste eragiten dituen geure edo inguruko norbaiten osasuna kolokan ikusteak. Zorionez, osasun sistema garatu bat daukagu eskura, hark ongi funtziona dezan egunero lanean ari diren profesional onei esker, batik bat. Baina, osasunak halako pisua hartu duen garaiotan, nola uler daiteke egunero euren onena emateko asmoz lanera joaten diren horiek, une gogorrak bizitzen ari direnak goxo eta maitasunez artatzeko ahaleginean ari diren horiek gero eta baliabide gutxiago eta eginbehar gehiago izatea?

Bakoitza libre da urte berriari nahi duena eskatzeko, baina nik argi dut: aurten, kalitatea eskatu nahi dut guztiontzat, kalitatea lanean eta osasunean, lan baldintza duinak izan ditzagun egunero gure onena eman ahal izateko bestelako kezkarik buruan izan gabe, eta, osasunak kale egiten digunean, zainduko gaituzten horiek ere beren onena eman dezaten gure alde.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide