Iritzia

Berriak zahar

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2022ko abu. 11a, 08:31

(Dim Hou / Pixabay)

Ione Gurrutxagak 2022ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Amaitu da ekaina, eta, aurten ere, zaharrak berri: hustu dira ikasgelak, isildu korridoreak, agurtu ditugu gure txikirik handienak, eta, tristura handiz, baita lankideren bat ere. Azkenean, boligrafo gorriek hartu dute merezitako atsedena, eta, haiekin batera, baita ikasle eta irakasleek ere.

Aurten ere, ingurukoen trufek hasiko dituzte elkarrizketa asko eta asko: "Urte guztian lanik egin ez, eta orain oporretan!". Ea nor den gai oporrak eman eta ez dituela egingo esateko... Dena den, behingoagatik, inork ez du zalantzan jarriko ikasleek ongi irabazia daukatela bi hilabetez burua liburuetatik altxatzeko eskubidea. Gaitz erdi, bai baitirudi gizarte honen gaitz guztien Pandoraren kutxa eurek nahieran irekitzen dutela: gaixotasun kardiobaskularrek gora egin dutela? Normala, gazteek geroz eta azukre gehiago kontsumitzen baitute. Irakurzaletasunak behera egin duela? Jakina, umetan Teoren marrazkiak bakarrik ikusi nahi izaten baitituzte. Kutsadura azken mendeetako okerrena dela? Nola ez, gazteek gurasoak autoarekin harat-honat ibiltzera behartzen baitituzte.

Orri honetan murgiltzea erabaki duzun horrek nabaritu duzu, honezkero, adibide horiek muturreraino (eta ia absurdoraino) jota ekarri ditudala, baina ekarri gogora beste kasu batzuk, zeinetan, hausnarketa handirik gabe, halaxe jokatzen den: zer gertatzen da euskararen erabilerak behera egiten duenean? Nor izaten da erantzule? Oraindik ez zait egokitu entzuterik normala dela gazteek exotikoa zaien horretara jotzea eta helduoi dagokigula bidea urratzea, norabidea markatzea, eta gure bidean jarrai dezaten irakastea. Errazagoa baita lagunartean gazteleraz hitz eta pitz aritu, eta gazteek euskara gero eta eskasagoa dutela esatea.

Gazte izateak berekin dakar arauen aurka egitea, agindu gisa datorrena zalantzan jartzea, gauzak beste modu batera egin nahi izatea. Eta hori hala dela zalantza duenak egin dezala atzera, bere nerabezarora, ea zer topatzen duen. Pandemia garaian argi geratu zen hori, kalera irteteko debekuak, elkartzeko mugak hausten harrapatzen zituzten gehienak nortzuk ziren ikusita. Gainerako guztiak zintzo-zintzo, agintariek esandako guztia betez...

Kontuak kontu, arazoa beti besteengan ikusten dugu, nola ez, baina marka da, gero, nor bere zilborrari begira bizi den garaian autokritikak hain arrakasta txikia izatea! Hala ere, kritikak kritika, izan dezagun kontuan fokua gazteengan soilik jartzeak lortu nahi dugunaren kontrakoa lortzera eraman gaitzakeela: denean oker dabiltzala behin eta berriro errepikatuta, ez al dugu Pigmalion efektua eragiteko arriskua? Dena gaizki egiten dutela sinetsarazten badiegu, akabo, alderdi negatiboan gera daitezke, zein alderdi positibo aberatsa duten ahaztuta.

Baina okerragoa ere izan daiteke kontua: agian, gauzak gaizki egiten ari direla sinetsi, eta helduon mundu lau eta tristera igarotzeko pausoa eman nahiko dute. Eta non galduko dira orduan gaztetasunak bereak dituen imajinazioa, sormena eta bizipoza? Nondik lortuko da aurrera egiteko berrikuntza, ilusioa eta indarra?

Zaharrak berri izatea askotan ez da seinale ona izaten, baina, egindako urrats guztiak gaitzesteko joera horri helduz gero, garaia baino lehen bihurtuko ditugu berriak zahar.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide