Hangoak, hemengoak

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2023ko ots. 26a, 09:17

Soreasu goraino beteta 'Kastellanuek' lanaren emanaldian.

Ione Gurrutxagak 2023ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Orain gutxi irakurri dut laster beteko direla 37 urte Urolako trenak azken bidaia egin zuenetik gure herria zeharkatuz. Jada hain gazteak ez garen belaunaldiok ere ez genuen martxan ezagutu, baina sarri entzun ditugu tren zaharraren inguruko pasadizoak, gure guraso nahiz aitona-amonek egindako joan-etorrietako istorioak. Eta modu berean entzun ditugu bestelako etorkizun baten bila herrira iritsi ziren haien inguruko kontakizunak ere, Espainia aldetik lanera etorri ziren lehen familia haiei buruzko kontuak.

Orain bi hilabete pasatxo, Urolako trenak iparrerantz egiten zuen bideari jarraituz, familia haietako asko elkartu ziren Soreasu antzokian, aspaldian halako betekadarik ikusi gabeak ziren besaulkietan. Azpeitiko Udalaren ekimenez sortutako Kastellanuek dokumentalaren estreinaldirako bildu ziren bertan trenbide bihurrian zehar iritsitako asko, bai eta haien ondorengoak ere. Atzera begira jarrita, orain dela 50-60 urteko bizimodu gordina agertu zen protagonisten hitzetan: zeukaten guztia atzean utzi eta hutsetik hasi beharra, klimaz, ohituraz eta hizkuntzaz desberdina zen lurralde batean, guztiz arrotza zitzaien inguru batean. Eta, hala eta guztiz ere, esker oneko hitzak besterik ez herriarentzat, azpeitiarrentzat. Zer den denbora, oroitzapenak lausotu nahiz ezabatzeko bitarteko aproposa. Eta, haren osagarri, atzera begira jarrita, onari soilik heltzeko gizakiaren gaitasuna: nagusiki, bi osagai horiek ditu dokumentalak; irudipen horrekin irten nintzen ni, behintzat, antzokitik. Baina ez da historialari abila izan behar hasiera hura ez zela nahi bezain samurra izan jakiteko: bizitza berria hasi behar zuten haiek izango zituzten beldurrak, eta bizilagun berriak onartu behar zituztenek, errezeloak. Hasieran, beraz, olioa eta ura bezala: euskaldunak euskaldunekin, maketoak maketoekin. Eta, gure etxekoak, inguruko auzoetatik Sanjuandegi sortu berrira iritsi ziren baserritarren haurren moduan, hezurbeltzen seme-alabekin borrokan. Integrazioa hitzetik hortzera dabilen garaiotan, irudi lezake, umeen borrokak gorabehera, etorri berriek, pixkanaka, ez zutela aparteko arazorik izan herrian onartuak izateko. Baina Sanjuandegik urteetan izan duen famak bestelako iragan bat erakuts lezake: herriaren zati bai, baina, betiere, saihesbideaz bestalde.

Historia oso presente izatea garrantzitsua omen da: gure arbasoek zer eta nola egin zuten jakitea ezinbestekoa dugu, haien bide beretik jotzeko, haien hanka-sartze eta okerrak ez errepikatzeko. Eta, oraintxe bertan, ez dakit ez ote goazen orain dela 50 urteko azpeitiarren bide beretik zenbait kontutan: ez al gara Espainia aldetik etorritako haiekin egindakoa berriro egiten ari mundu zabaletik datozen bizilagun berriekin?

Sarri ahazten dugu herrira etorri zaizkigun horiek guztiak ez direla halabeharrez etorri, egoerak bultzatu dituela horretara, bere garaian Euskal Herritik joan behar izan zuten asko bezala. Eta sarri ahazten dugu gure lana dela etorri berri diren horiek herriaren zati sentitzea, bizikidetza bultzatzea, hurrengo belaunaldiek elkarrekin bizi beharko baitute, Sarrionandiak dioen bezala, nekez uzten baitu bere sorterria sustraiak han dituenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide