Faunak

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2023ko uzt. 12a, 08:00

Ikasturteko lehen eguna, Karmelo Etxegarai ikastolan.

2023ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Desberdinak gara. Desberdin pentsatzen dugu, eta desberdin bizi gara. Ez dut ezer berririk esan horrekin, ez. Denboraren joanak egiten gaitu berezi, inguruak nahiz ingurukoek: bizitako guztiak uzten ditu orbanak gugan, eta halaxe joaten gara aldatzen, moldatzen, bereizten. Baina jaiotzen garen momentutik bertatik izan ohi ditugu besteengandik desberdintzen gaituzten ezaugarriak. Eskolako mahaien atzean, hankak zintzilik dabiltzan txikitxoei begiratu besterik ez dago horretaz ohartzeko. Bakoitza bere gustu eta ametsekin heltzen da eskolara, helduarora iritsi bitartean aldatzeko, moldatzeko eta bereizteko aukera emango dion tokira. Eta, helduaroan nola, halaxe elkartuko dira modukoak modukoekin.

Izan ere, eskolak helduon munduaren erreplika txiki bat baino ez dira. Helduei ikusitakoak imitatuz hazten dira, on eta txarrak hartuz. Eta, urteak joan eta urteak etorri, patroi berberek markatutako taldeak agertzen dira handiontzat hain txikia eta txikientzat hain handia den mundu horretan. Eta talde horiexek izango dira bi hankakoen fauna berezi horien osagai. Gela guztietan topatuko dugu perfekzioaren ispilua den hori, denean ongi moldatzen den ikaslea: ikasgai guztietan ibiliko da ondo, eskolaz kanpo hamaika hizkuntza ikasiko ditu, kiroletan abila izango da, belarri oneko musikari trebea… Gainera, ingurukoak errespetuz tratatuko ditu, eta behar duenari laguntzeko prest egongo da beti. Zenbait boladatan, irakasleek halako ikaslez beteak izan nahiko lituzkete gelak, zergatik ukatu, baina orduan irakasleen beharrik izango al litzateke?

Zorionez, urtea oporretan pasatzen duten irakasle horiek lana soberan izaten dute, egunero gela hankaz gora jartzeko helburuz jaikitzen diren horiek saltsa jartzen baitute eguna joan, eguna etorri. Talde heterogeneoa da horiena, bakoitza bere zoroak bizi baitu: bertan sartzen dira gelako berritsuak, esaterako, muturreko egoeretara iritsita ere, nekez isilduko direnak. Berdin da hizpidea, beti izango dute esateko zerbait, eta, gaiari buruz ez badakite ezer, zerbait asmatuko dute; beren leloa: Ez gaituzte isilduko!. Solaskide izan ohi dituzte txiste kontalariak, Txiskolaren garaiak harrapatu ez, eta burura etorritako ateraldi guztiak askatu gabe lasai geratzen ez direnak. Talde horretako kideek berritsuek baino hobeto eusten diote hitz jarioari, baina, egon lasai, momenturik desegokienetan ez baitira isilik geratuko.

Hirugarren taldean gainerako ikasle guztiak sartuko dira, bakoitza bere berezitasunekin. Talde horretan topatu daiteke, adibidez, sekula ezer topatzen ez duen hori: materialez betea ekarriko du motxila lehen egunean, eta, hilabete pasatzerako, ez du jakingo non daukan boligrafo berdea, marrazketako koadernoa, kalkulagailua, etikako liburua, etxeko giltzak, galtzerdiren bat… Irakasleak fitxak banatu baino lehen galdu egingo ditu, baina aitzakia aproposa izango du hori gelakideengana gerturatzeko: eskatuko dio bati margo arrosa, beste bati orri pentagramadun bat, kopiatuko ditu euskarako ariketak albokoaren ingeleseko koadernotik…

Mundu txiki batean hamaika izaki bizidun, fauna berezia osatuz, horixe da eskola. Eta, orain, ekainera iritsita, pixkanaka, bakoitza bere erritmoan, hibernaziotik oihan zabalera irtengo da, udako eguzki epeletara. Batzuek, egunak laburtzearekin batera, egingo dute etxerako bidea berriz, eta ekarriko dituzte hurrengo belaunaldiak, ikasmahaien atzean hankak zintzilik ibiliko direnak. Beste batzuek, berriz, urte luzez babesean egon ondotik, ekingo diote migrazioari: horiei guztiei, eutsi berezitasunei, eta bidaia on!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide