Uztaila igaro berritan, urtero bezala, oraindik begien bistan ditugu Tourreko txirrindulariak eta sanferminetako zezenak. Itxura batean, uztaila da mundu osoan ezagunak diren bi ekitaldi horien lotura nagusia, loturatzat har badaiteke, behintzat. Milioika pertsona mugitzen dituzten festak dira biak, hori ere bai, jendea telebistari itsatsita edukitzea lortzen duten ospakizunak. Baina uda garaira iritsita, bada beste ezaugarri bat biak ala biak batu eta ikusleak liluratzen dituena: abiadura. Lelotuta bezala egoten gara entzierroei begira, halako animaliatzarrek Iruñea bisitatzean soilik ulertzen den distantzia hori guztia hain bizkor nola egiten duten ulertu ezinda. Gauza bera gertatzen zaigu pedalkadaz pedalkada Eliseoko Zelaietaraino iristen diren kirolari horiei erreparatzean ere: hainbeste kilometro eginda, hainbeste malda igo eta jaitsita, nondik ateratzen dituzte indarrak azken esprint horietarako?
Uda usainean, eta etxeko sofatik begira jarrita, halako presak alferrikakoak direla iruditzen zaigu sarri, abiadura horrek handik edo hemendik ondorioren bat izan behar duela sumatzeraino. Beste erritmo bat hartzen dugu geuk ere egunak luzatzearekin batera: eguraldi ona, bestelako planak egiteko aukera, oporrak… Baina zabal dezagun ikuspegia une batez: bada urtean zehar erlojuaren tik-tak amorragarriari jaramonik egin gabe bizi den inor? Noski, ez begiratu erretiratuei, haiek ongi irabazia baitute urratsak kontrolatzen dizkigun eskumuturreko horretatik askatzeko eskubidea.
Urtea muturrak hautsi beharrean pasatzen dugu gehienok: egunari 25 ordu emango bagenizkio, guzti-guztiak beteko genituzke bateko eta besteko zereginekin. Produktibitatea da garrantzitsuena, gure munduak horixe sartu baitigu kaskezurrean, eta egiten dugun guztiari probetxua atera beharrak egitekoen pila ongi tontortzera bultzatzen gaitu. Eta, gehienontzat, tontor hori leuntzeko biderik errazena honako hau da: lehen egiteko bakarra zegoen denbora tartean bi sartzea, zer bestela.
Denborak urrea balio duela esan digute askotan. Eta sinetsi egin dugu guk. Lanerako garaian sinetsi dugu, ordea: geure onena ematen saiatzen gara, guztia eginda uzten, horretarako gure bizitza albo batera utzi behar badugu ere. Eta horra hor txirrindulari lasterketei edo entzierroei ikusten diegun grazia: egin beharrekoa ongi eta azkar egiteko gaitasuna. Baina, gehiegitan, bizitzeko aitzakian, bizitza bera albo batera uzten dugu, bizitza bixitzen duten momentuetatik hasita: denbora-pasa hutsa al da, bada, geure buruari eskaintzeko tartetxo bat hartzea?
Liburu batean orrien artean murgildu, bizikleta hartu eta munduan barrena galdu, bizilagunak aspertzeraino abestu, lagunekin hitz-aspertuan denbora pasa… Norberak aukeratuko du denbora xahutzeko biderik gustukoena, norberak eraba-kiko du zerk sentiarazten duen ondo. Denbora joango zaigu horretan, baina ez alferrik: presak entzierro eta lasterke-tetarako utzi, eta, osasun mentala hain modan dagoen garaiotan, gehiagotan izan beharko genuke gogoan geure onena emateko eta bizitza labur honi probetxua ateratzeko ezinbestekoa dugula geure buruarekin ongi egotea.