Asteburua iristearekin batera hasiko zen gure etxeko errituala: arropa zaharrak jantzi (eskolarako grazia aspaldi galdua zuen txandal zulatua, esaterako), kale-etxe batean jada baliagarriak ez zirenak hartu (birziklatzea hain modan ez zegoen garaian, zakarrontzia baino lehen topatzen zuten beste bide bat zenbait gauzak), eta han abiatuko ginen autora, gaur egun hain labur eta orduan hain luze zitzaigun bidea egiteko asmoz.
Asteburu haietan jaso genuen gure munduari buruzko beste ikuspegi bat, ezagutu genuen beste bizimodu bat. Han ez zegoen jolastoki laurik, baloiarekin lasai ibiltzeko, gurpiltxo txikiek orekatutako bizikletatxoari oreka handiagoa emateko. Maldak ziren nagusi, belaze nahiz bidezidor, eta, baloiren bat jolasbide hartuz gero, nahitaezkoak ziren zentzumen guztiak, jostailu preziatua aldapan behera piririka joanda betirako galdu nahi ez bazen. Han ez zegoen jolas lagunik ere, etxe atarian edozein garaitan topatzen genituen haiek bezalakorik, baina, halere, ez zen erraza aspertzea, bestelako lagunak topatzen baitziren, izan katu, zakur nahiz beste edozein lau hankako.
Ordutegietan ere bazen aldea, ezinbestean. Aste guztian eskolara joateko goiz jaikita, asteburuan nabaria zen nekea, eta, izarak itsatsita, zenbat aldiz egin ote genien entzungor leiho ertzean txorrotxioka biltzen ziren txoritxoei. Eguna ongi argituta jaiki, eta sukaldean izango genuen gosaria zain, amonak oilategitik ekarri berri zuen arrautza parea platerean.
Ukuiluko buelta etorriko zen gero, gure zoologiko partikularra. Adi begiratuko genien behiei, patxadaz, hausnarrean nola egiten zuten; txahal txikiak hain txikiak ez zirela ohartuko ginen; emango genien belar hondarren bat untxi belarri handiei; bisitatuko genituen mendian gora zebiltzan ahuntz jostalariak...
Udara helduta, berriz, iritsiko ziren bestelako egitekoak: belar-lanak han eta hemen, eguraldiaren iragarpena ongi kontuan izanda; soroko lanketak... Umeentzat, txoko berriak esploratzeko aukera ederra huraxe.
Umetako oroitzapenek sarri sortzen digute irribarre goxo bat, eta egunerokotik atera eta zerbait berezia egiten genuela gogoratzeak are gehiago goxatzen dizkigu oroipen horiek. Baserrian igarotako egunak halakoxeak ziren kalekumeontzat, abentura hutsa, eta gogoan geratu zaizkigun irudi, soinu eta usainek garai zoriontsuetara bidaiatzeko aukera ematen digute.
Baina, orain, urteak igarota, behien antzera patxadaz hausnarrean, gu hain lasai genbiltzan garai hartan ingurukoek zenbat lan zuten ikusteko gai gara: malkarrak ez ziren zelaitzen baratzeko lanak egin behar zirenean; gure jostetan lagun genituen haiek egunero zaindu behar ziren, urteko egun guztietan, oporrik gabe; txoritxoak esnatzerako norbait ukuiluan ariko zen, gure zoologikoa txukun egon zedin, esne bila zetorren kamioiak dena prest izan zezan iristerako; urte guztirako ganbara ongi betetzeak emango zuen buruko minik...
Lan gogorrak asko dira bizitza honetan, bakoitza bere eremuan, baina inork ez du ukatuko baserritarraren bizitzak gutxi duela samurretik. Hainbeste mendez eutsi diote bizimodu horri, lan egiteko eredu horri, baina estutu dituzte hainbeste, ezen kaleak traktorez hartzen ikusi baititugun: hainbeste lan eginda ekoitzitako produktuak kalean zabaldu dituzte, merkatari handiei salduta baino errentagarriagoa zaielako. Mendian gora abiatzen garen hurrengo aldian, gogoan izan dezagun gure esku ere badagoela inguruak hala zaintzeaz arduratzen diren baserritarren bizitza hobetzea.