Eredu

Erabiltzailearen aurpegia Ione Gurrutxaga 2024ko abu. 14a, 15:15

(Argazkia: Pixabay)

Ione Gurrutxagak 2024ko uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Badira zenbait kezkatxo, espero gabe, txitean-pitean agertzen zaizkigunak. Bakoitzak ditu bereak, arrazoi batek edo bestek bultzatuta, unerik txarrenetan agertu ohi direnak: ibiliko zara lanez gainezka, ingurukoak zaindu ezinda, biharko amaitu behar duzun proiektu horretan buru-belarri, eta ttak, horra hor atzetik segika bakean utziko ez zaituen kezka.

Kezken iturburua askotarikoa izan daiteke, hura gure garunaren txokorik ezkutuenean piztuko duen poxpoloa bezalaxe. Norbait kezkatuko du bere familiartekoen osasunak, besteren bat arduratuko du herriko kaleen egoerak, eta izango da berotze efektuaren ondorioek loa eragozten diotenik. Zenbat buru, hainbat aburu. Edo hainbat burutazio, gurera egokituz gero. Eta burutazio horietako askok izango dute nolabaiteko lotura bataren nahiz bestearen ogibidearekin. Niri hala gertatzen zait, behintzat.

Ez dakit kezka horiek aurrez bagenituelako aukeratu genituen ikasketak, ala ikasketetan ezagutu genuen bideak bideratu gaituen gaur egun ditugun kezketara. Kontuak kontu, egunerokoan ikasleen artean entzuten ditudanek zalantza asko pizten dizkidate niri gure hizkuntzaren etorkizunaren inguruan. Deformazio profesionala izango da.

Orain gutxi, esaterako, rap kantari baten hitzaldia entzuteko parada izan nuen: euskararik ia ez den eremu batekoa da bera, etxean euskararik jaso gabea, baina rapa euskaraz egiteko hautua egin du. Eta hala bota zien galdera gure gazteei: "Zein euskal talde ezagutzen dituzue zuek?". Han hasi zuten zerrenda: "Kortatu, Negu Gorriak, Berri Txarrak, Su ta Gar, Bulego, Gatibu, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Lourdes Iriondo...". Lourdes Iriondo?! Euskal musikako erreferenteak dira guztiak, argi dago, baina posible ote da belaunaldi oso baten erreferentzia musikalen artean gaur egungo hain talde gutxi agertzea? Segituan iritsi zen horren arrazoia: "Musikako azterketarako horiek guztiak ikasi behar izan ditugu". Hara, une batez ilusio izan zena kolpetik zapuztua. Mundu zabaleko kantari nahiz artistak (hitzaren zentzurik zabalenean) ezagutzen dituzte, eta badirudi etxeko sortzaileak ezagutzeko eskola dela bide bakarra.

Eta zein da, bada, erreferentzia guztiak kanpoan bilatzearen arrazoia, gureak txarrak direla? Nik ez nuke halakorik esango, eta ez nuke esango euskal literaturak ere ez duela nahikoa kalitate beste literatura batzuen parean egoteko, baina hor ere, koxka: argitaletxeak argitaratu eta argitaratu, Durangoko Azokan ehunka liburu berri urtero, eta, liburu dendara joatean, liburu "on" bat erosteko aitzakian, gaztelaniazko liburu bat edo are ingelesezko bat hartuta denok gustura, eleaniztun garela lau haizeetara erakutsiz.

Aitzakiak zientoka badaude ere, emaitza beti da berbera: telebistarik ez dugu ikusten, eta, plataforma digitaletan euskarazko eduki kalitatezkorik ez omen dagoenez, jar dezagun beste edozein telesail txoro; mundu zabaleko aktualitatea zehatz-mehatz kontrolatu behar dugunez, euskal komunikabideak motx geratzen dira, eta sinets dezagun sare sozialetan agertu zaigun edozein albiste.

Kezkak eta burutazioak, eta konponbiderik ez. Ez dakit nolako etorkizuna izango dugun, ez dakit nolako etorkizuna izango duen gure hizkuntzak, eta ez dakit garaia baino lehen jakin nahi dudan ere, baina badakit jarraitzaile nahiz zalerik lortzeko afanik gabe, aberasteko asmo handirik gabe euskaraz sortzeko hautua egiten duen edonor beti izango dela eredu niretzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide