Hasiera guztiek dute amaiera, horra hor bizitzaren patua. Hori aspaldi jakin genuen, baita onartu ere, baina agur esaten ikastea beste kontu bat da. Izan gizaki, izan beste edozein bizidun, orain alboan duguna berriro ingurumarian topatuko ez dugula pentsatzeak barruak mugitzen dizkigu maiz: falta den haren zuloa betetzea ezinezkoa izango dela badakigulako, batetik; aldaketak ezinbestekoak izango direlako, bestetik.
Ezin dira maila berean jarri, baina zenbait denboraz eskura izan ditugun objektuak alboratzeak ere eragin dezake nolabaiteko mugimendurik gugan: ordezkoa topatzea ez da hain zaila izango, baina ohiturak aldatzea ekarriko digu, ezinbestean. Izan hainbeste txoko ezagutzen lagundu dizun autoa uztea, izan haurtzarotik gordea zenuen baloia galtzea, aro baten amaierak berekin ekarriko du garai berrira moldatu beharra.
Telefonoarekin ibili naiz ni horrela azkenaldian: zaharrari merezi zuen erretiroa eman ondoren, eta gaur egungo gailu guztiak antzekoak diren arren, begira hasi, eta aurrekoak ez zituen zirrikitu eta funtzioak topatu ditut berrian, batzuk erabilgarriak, beste asko eta asko denbora alferrik galtzeko aproposak. Baina agertu zait bat zer pentsatua eman didana: kalean oinez zabiltzala telefonoa konturatzen bada buruz behera, pantailari begirik kendu gabe zoazela, inguruko arriskuei jaramonik egin gabe, laster erakutsiko dizu jakinarazpena, burua altxatu eta ustekaberik izan ez dezazun hankaren bat zuloren batean sartuta, esaterako.
Zenbat eta funtzio gehiago, orduan eta lotura handiagoa gailu teknologikoekiko: komunikazioa errazteko aitzakian, ia-ia gure ordez pentsatzen duen burmuin bat daukagu patrikan. Tira, poltsikoan ez, egia esan, aspaldi utzi baitzioten telefonoek sakelako izateari, eta gaur egun hobe genuke eskuko telefono izenez soilik deitu. Kontuak kontu, onartu behar dugu gure gorputzaren luzapen bilakatu den horrek bizia erraztu digula maiz, erreminta ugari bilduta gailu bakarrean: irrati, esku-argi, iratzargailu nahiz egutegi, klik batean denak eskura. Burua nekatu gabe bizitzeko aukera eman digute, gure memoria hustu eta aparatuarena beteta: nor da gai oraintxe bertan bost telefono zenbaki gogoratzeko?
Bizitza errazteko teknologia garatu. Eta teknologia garatu delako, egunetik egunera gehiago lelotu: joera naturala izango da garapenera moldatu eta behar ez ditugun gaitasunak ahaztea, baina non dago muga? Gure aurrekoek sua egiten ikasi zuten, natura ezagutu eta haren erritmoan bizitzen asmatu zuten, eta gu ia ez gara gai etxetik ateratzeko mapa aplikazioak bidea erakusten ez badigu. Hala konfiguratuz gero, abisatuko digu ohera joateko ordua iritsi zaigula, edota urrats gutxi egin ditugunez jaiki eta mugitzeko berehala. Eta guk, sentitzen duguna ahaztuta, egingo diegu men aparatuaren esanei.
Denbora badoa, eta gu harekin: teknologiak ere ez du etenik izango, ez du horretarako itxura handirik, bederen. Etorriko dira gailu berriak, ohituko gara funtzio berrietara, eta bilakatuko gara teknologiaren menpeko: noiz jarriko ote diete telefonoei jakinarazpenen bat, buruz behera pantailan sartuta gaudenez, alboan daukagun horri jaramonik egiten ez garela ari eta gure ondoan ez dagoenean alferrik galdutako minutu bakoitza ez dela itzuliko gogorarazteko?