Joan da hilabete urte berria hasi genuenetik, eta izango da ni bezalakorik, urtea idatzi behar duen aldiro azken zifra oraindik gaizki jartzen duenik. Urteroko ohitura da, zenbaki berria buruan sartu arte pare bat hilabete irauten duena. Urtero berdin, urte berria estreinatzean bezala: mahatsak eztarrian ez gora, ez behera; telebista kateen parafernalia, handikeria mugarik gabea; urteko lehen eta azken mendi buelta xanpainaren aitzakian... eta Urteberriko kontzertu entzutetsua.
Aurten, ordea, Radetzky martxa-ren erritmoan jotako txaloak oihartzun soila izan dira Euskal Herrian behin eta berriz abestutako eoa-ren ondoan: biolin, tronpeta eta tinbalen ordez aditu dira alboka, txalaparta eta pandero doinuak; frak eta soineko luzeek egin diete tokia txandal, buzo zuri eta ardi larruei, eta 1.800 laguneko muga esklusiboa tokitan utzi dute Nafarroa Arena bete duten 30.000 lagunek, nahiz eta zortedun sentitzeko moduan den han izandako bakoitza.
Euskal Herrian sortutako ikuskizuna, euskal mitologiak eta tradizioek ardaztu, Nafarroako inauteriek apaindu eta euskarak josia: horixe izan da Mitoaroa. Zer ikusiko zuen ongi jakin gabe bildu zen han euskal geografia zabaleko hamaika lagun, eta abesti eta antzezpenek, zeruan irria, zoruan dantza, gure elezaharren magian barneratu zuten bat baino gehiago, oilo larrua gorputzean.
Iruñetik itzulita, beste asko bezala, neu ere joareen erritmoan joan nintzen lanera urtarrilean, eta, kasualitatez, lehen eskola egunean bertan agertu zitzaizkigun argazki batean zamaltzaina, kantiniersa, entseinaria eta enparauak, apain eta dotore, airoski dantzari ekiteko prest. Berehala irten zen lehen galdera: nor dira? Begiak zabal denak, inor ez zen gai zeren itxura hartu zieten esateko. Han jaso nuen momotxorroen lehen sarde kolpea. Beste gela batean egin nuen saiakera: nor dira? Begiak zabal berriz, ikasle bakarrak erantzun zidan, aho txikiz, dantzari itxura zutela; orduan bai, orduan hil kanpaiak entzun nituen Urola aldean.
Mendikate honek lotuta... baina, aldi berean, elkarrengandik oso urrun. Ziur nago lehen ere bazirela maskaradei buruz ezer entzun ez zutenak, Unanu mapan jartzeko zein probintziatara joan ez zekitenak... Baina, azkenaldian, nahiz eta muga fisikoak gero eta lausoagoak diren, ez dakit bestelako mugak gero eta nabarmenago ez ote ditugun egin: Ipar Euskal Herriko probintziak urrunago, arrotzago zaizkigu; Nafarroa aurkari zuzena da EAErentzat hainbat gaitan... Beraz, zerk batzen du Euskal Herria?
Emozioek mugitzen omen dute gizakia: kitzika behar omen dugu zerbaitekin lotzeko. Debekuak, zentsura... Denetik izan du gure herriak, eta beti izan du erantzuna. Orain, berriz, halako mehatxurik gabe, Aizkorriko Damari nabil galdezka garai bateko hura sua den ala errautsa, eta erabat lasaitu gara: ohartu gabe, lotzen gaituzten haritxoak eteten ari gara. Ohiturek lotzen gaituzte, tradizioek, baina horiek beti dute berritzeko aukera. Bada, ordea, ipar eta hego elkartzen gaituen zerbait: Erramunek hainbatetan abestu dion artzainak esana da herria dela gorputza, hizkuntza bihotza. Eta gorputzaren bihotz taupadari eustea guri dagokigu.
Gainean ditugu inauteriak, eta Iruñean elkartutako pertsonaiek orduan hasi zuten lanean jarraitu beharko dute; lurra lozorrotik esnatuta etorriko da udaberria, eta harekin batera iritsiko da Euskaraldia ere: sor ditzagun emozioak, senti dezagun oilo ipurdia, bihotzak segi dezala taupaka, eta orduan elkartuko gara berriz akelarretan...