Amaitu zaizkigu udako opor egunak askori, eta errutinaren morroi bihurtu gara berriz ere. Iraila iristearekin batera, hustu ditugu maletak, eta betiko tokia hartu dute iratzargailuaren goizeroko melodiak, etxetik presaka atera direnek sortutako auto pilaketek eta lankideei ganora handirik gabe egindako diosalek.
Hemendik aurrera, tartean behin ekarriko ditugu gogora udan bizitako une atseginak, olatuen nahiz mendietako haizearen oihartzunak, baina, korrika hastean hara eta hona, ezinbestean, estresak berriro hartuko du lekua gure bizitzan.
Dena den, bere txarrean, bada estres bat, eguneroko martxan sartuta, asko eta askorentzat desagertu egingo dena. Lurralde arrotzetatik itzulita, beste mintzaira batzuk belarrietan, herrian gabiltzala, askorik pentsatu gabe, natural egingo dugu lehen hitza euskaraz: estres linguistikorik nabaritu gabe, gainera.
Gune ezagunek ematen digute halako babes sentipena, egoera kontrolpean dugulako irudipena. Herriko eremu gehienetan erraz hautatuko dugu hizkuntza, buruari askorik eragin gabe, izan solaskidea ezagutzen dugulako, izan egoerak horretara bultzatzen gaituelako. Ogia erostera joanda, kafetegira sartuta, arrandegiko ilaran... Zenbat aldiz ahazten zaigun zeinen zortedunak garen!
Baina, kanpotik halako itxura dotorea badu ere, oro ez da urre gurean oraindik. Gune formalagoetan zalantza sortzen zaigu noizean behin, aurrean dugun pertsonak egun ona izango ote duen guri euskaraz erantzuteko. Euskaraz hasi eta purrustadaren bat jaso, edo gaztelaniara jo eta elkarrizketa amaitzean konturatu mintzaidea ere euskalduna zela? Horra hor euskaldun izate hutsagatik noizbait denok izan dugun duda existentziala.
Zalantzak zalantza, bai egoerara egokitzen, bai hartutako erabakiez damutzen aspaldi ikasi genuenez, jada ohituta gaude halako buruhausteekin bizitzen. Baina gauzak korapilatzen hasten direnean korapiloak bazter guztietan agertzen direnez, gure kezkak nahikoa ez, eta azkenaldian hizkuntza gaietan egindako aurrerapauso ugari bertan behera utzi behar izan dute erakundeek. Hizkuntza koofizialak dauden eskualdeetan hizkuntza batek ezin du lehentasunik izan bestearen gainean; hala omen dio legeak, eta, hori oinarritzat hartuta, euskararen alde egindako bidezidorretan atzera eginarazi dute sarri epaitegietako aginduek.
Hizkuntzek maila berean egon behar dute, eta hiztunok? Legez kanpokotzat hartutako neurrien artean dago, esaterako, ahotsez grabatu eta hartzaile jakinik ez duten mezuak lehenik euskaraz emateko erabakia, edozein dela ere herriko egoera soziolinguistikoa. Beraz, herritarren %80k baino gehiagok euskaraz egiteko gaitasuna duten herri bateko udaletxeko erantzungailu automatikoan euskaraz grabatutako mezu bat jartzea aurrena hizkuntza bat lehenestea litzateke?
Hizkuntzak aberastasuna direla sinetsi izan dut nik beti: zenbat eta gehiago, hobe; beste kultura batzuk ezagutzeko ate baitira, azken finean. Baina azkenaldian gero eta sarriago sentitzen dut aberastasuna behar lukeen hori dela gure pobreziaren iturri: izan geure erabakiz, izan goitik datozen aginduei men eginez, beti besteen mesedetan bagabiltza, laster egingo dugu artifizial orain natural zaiguna.