Atzo, Amerikako Estatu Batuetan, 1976an berriz ere heriotz- zigorra onartu zutenetik, 1.000 garren eraildakoa izan behar zuen presoari zigorra barkatu, edo hobeto esanda, zigorra aldatu diote. Erail ordez, bizi den bitartean espetxeratuta egongo beharko du. Ez dakit zein den okerrago. Ederra, ustez, munduko herrialde garatuenaren eredua!
Kartzelen betebeharra pertsonak gordetzeko leku bilakatzea denik ez zait iruditzen. Gizartetik bereiztu eta ahaztu. Hemen inguruko kartzelak horixe dira. Leku hotz eta antzuak. Ondorioz, gero eta jende gehiago dago kartzeletan. Jende gehiegiz betetzen ari dira espetxeak.
Agintariek, zerbait gertatzen denean, argia joan, eraikin bat erori, istripuren bat erremedioak jartzen dituzte gauzak beren onera bueltatzeko. Gizartea lehen zegoen bezela uzteko. Horrek esfortzu bat eskatzen du, batzuetan haundia gainera. Eta esfortzua egin ohi da.
Arazo bat (edo batzuk) dituen batek ez-egitekoren bat egin (edo uste izan) eta, harrapatzen badute behintzat, espetxean sartzen dute. Sartu eta kito. Jaten, edaten eman, lotarako aterpe bat eta akabo. Bestelako esfortzuak oso urriak dira. Arazoa zutenak, arazoa izaten jarraitzen dute. Areagotu ere egiten zaie. Gehitu ere bai. Horrela, beraien kondena bukatu eta kaleratzen dituztenean lehengora bueltatzen dira asko eta asko.
Interes gutxi dago agintarien aldetik presoek dituzten arazoak aztertu, landu eta konpontzen saiatzeko. Baliabideak berriz interesen neurrikoak izaten dira. Eskasak. Ondorioz, borondate ona ez da nahikoa izaten konponbide bat eman ahal izateko. Ez da hain arraroa orduan, hainbeste suizidio saiakera egotea (horien berri ez da ematen komunikabideetan). Ez da hain egokia presoak hain medikatuta, tontotuta, egotea. Ez da hain normala terapiarik ez jasotzea. Ez da hain lojikoa beraien arazoak ez lantzea. Ez da hain legezkoa presoak beraien etxeetatik urruti egotea. Ez da hain etikoa kondena beteta duten presoak giltzapetuta jarraitzea. Ez da hain txukuna kartzelak drogez beterik ikustea. Ez da hain duina kartzelak direnak izatea. Ez da hain ankerra bigarren aukera bat ematea.
Agintarien partetik interesa bestelakoa balitz, benetan pertsonek arazoak konpontzeko eta bergizarteratze txukun bat lortzeko bide izango litzateke kartzela. Gizarte seguruago eta aurreratuago bat lortzeko bidea.
Hau dena, neurri baten ikusi dudalako kontatzen dizuet. Espetxe pastoraltzako kide naizenez, bi igandez behin, Martuteneko kartzelara joaten gera Mª Jesus, Roxario eta ni, presoekin egotera. Presoei entzutera. Ahal degun neurrian, esku bat botatzera. Beste kartzeletan ez bezela, Martutenen patioraino joateko aukera daukagu. Preso denekin egotekoa, alegia. Edota nahi dutenekin. Era guztietako jendearekin tratatzen dugu.
Baliabide egokiak jarri ezkero askoren errekuperazioan sinesten degu. Ziur gaude. Oso.